Une erabakigarrian, kale
Igoera faseko finalerdia galdu du Erroibidek, ligan bigarren izan ondoren
Denboraldi ona osatu du Erroibide Saskibaloi Elkarteko gizonezkoen talde nagusiak. Azken urteotako onena. Bigarren izan da Estatuko Bigarren Mailako multzoan, eta Lehen Mailara igotzeko lehian parte hartu du. Erregularra izan da denboraldiaren zatirik handienean, baina norgehiagoka erabakigarrietan, huts egin du. “Partida garrantzitsuetan presioak eragina izan du”, aitortu du Bearn Lartigue jokalariak. Apirilaren 17an, Askatuak liderraren huts egitearen ondoren, zuzenean igotzeko aukera ematen duen lehen postuan kokatzeko abagunea izan zuen Cárnicas San Marcial-Erroibidek. 59-64 galdu zuen, ordea, Tecnun taldearen kontra, Artalekun.
“Artalekutik atera behar izatea eragozpena izan da”
Gonzalo Martínez
Bigarren tokian amaitu zuen liga Erroibidek, eta play off-a antolatzeko aukera lortu zuen horrela. Baina maiatzaren 14an Bidasoa eskubaloi taldeak Artalekun jokatzen zuenez, Irundik kanpo antolatu behar izan zuen fasea. Donostiako Tecnun-en aritu ziren taldeak, hain zuzen ere. Argi hitz egin du Gonzalo Martínez jokalariak, gaiaren inguruan: “Pistak eragina izan du. Artalekun denboraldi osoan zehar entrenatzen eta jokatzen dugu. Handik atera behar izatea eragozpena izan da”. Dena den, Erroibide bigarren sailkatua zenez, bosgarrenaren kontra aritu zen, lehen finalerdian. Ordiziako Goierri-Verkol mendean hartuta, hurrengo egunean finala jokatzeko helburua zuen Erroibidek. Hasieratik agerian gelditu zen, hala ere, lan zaila izango zutela irundarrek.
Hasiera bizi-bizia izan zuen norgehiagokak. Goierritarrek izan zituzten lehen abantailak, baina Erroibidek agintea eskuratu zuen beranduago. 12-9ko abantaila ere hartu zuten irundarrek. Ondoren, erabateko hondamendia iritsi zen. Lehen laurdenaren amaieran, eta bigarrenaren hasieran, lehiatik kanpo utzi zuen Ordiziak Erroibide. 18-0eko partzialarekin, 12-27ra ihes egin zuen. Defentsan sendo aritu ziren goierritarrak, eta joko sinple bezain eraginkorra erakutsi zuten erasoan. Erroibide “trabatuta” ibili zela onartu zuen Bearn Lartiguek: “Ez genuen aurkaria gelditzeko modua topatzen”. 21-35eko emaitza adierazgarriarekin iritsi zen atsedenaldia.
Nahi eta ezin
Erreakzio handia behar zuen Erroibidek hirugarren laurdenean, eta intentzio horrekin irten zen. Intentsitate handiarekin aritu zen lehen minutuetan, eta abantaila murriztea lortu zuen. Laurdena amaitzerako, ordea, hamabiko abantaila zuen berriro Ordiziak (38-50). Azken laurdenean ezinean aritu zen Erroibide. Aurkariak eroso eutsi zion aldeari, estualdi handirik pasa gabe. Irundarrak ordea, presaka ibili ziren, eta erabaki okerrak hartu zituzten behin baino gehiagotan. “Nekeak eragina izan zuela uste dut”, adierazi du Mauri Martínezek. Bigarren laurdeneko zama handiegia zela azaldu du Gonzalo Martinezek: “Desabantaila murriztuz joan ginen, eta bost puntura hurbildu ginen. Baina urrunegi zeuden”.
“Nekeak eragina izan zuela uste dut”
Gonzalo Martinez
“Denboraldiarekin pozik egon gaitezkeela iruditzen zait”
Bearn Lartigue
52-64 galdu zuen azkenean Erroibidek, ligako sailkapeneko bosgarrenaren kontra. “Lauko finalak horrelakoak dira. Edonoren aurka irabazi edo galdu dezakezu”, nabarmendu du Gonzalo Martinezek. Denboraldiaren amaiera tristea izan den arren, orokorrean aztertuta, balorazio baikorra egin du Bearn Lartiguek: “Igoera zuzena bera ere oso gertu izan dugu. Egun hauetan zapore garratza izango dugu, baina pasatzen denean, denboraldiarekin pozik egon gaitezkeela iruditzen zait”.