UGARTE ETA RODRIGUEZ AURKEZTUAK
Gurutz Aginagalde C.D. Bidasoako lehendakariaren esanetan, edozein taldek nahiko lituzkeen jokalariak dira Ander Ugarte eta Victor Rodriguez.
Aurkezpenen eguna izan da gaurkoa. C.D. Bidasoak denboraldi berrirako fitxatu dituen jokalari bi aurkeztu ditu prentsaren aurrean: Ander Ugarte irundarra eta Victor Rodriguez vigotarra. Gurutz Aginagalde lehendakariak egin ditu aurkezpenak eta denboraldi berrirako zortea opa izan die. Ongi etorria emateaz gain, Recoletas Atletico Valladolidetik etorritako bi jokalariak “edozein taldek nahiko lituzkeenak direla” azpimarratu nahi izan du. Gainera, Aginagaldek Ugarteren itzulerak ilusio berezia egiten diola azaldu du: “Bidasoa eta eskubaloi zale gisa, beti izan dut buruan Ander Ugarteren itzulera polita izango zela. Gogotsu nintzen Ander Artalekun berriz jokatzen ikusteagatik”.
Itzulerarekin bueltaka, Ugartek Bidasoara bueltatzeko asmoarekin “denbora” zeramala aitortu du: “Unerik onenean eman da aukera. Bidasoa puntan dagoen taldea da, Espainia mailan eta baita Europan ere erreferentea den kluba". Berezia izango da pibote irundarrarentzat aurtengo denboraldia, etxeko taldearekin Europan barrena lehiatzea “ohorea” dela eta “ahalik eta mailarik onena ematen” saiatuko dela adierazi du. Bidasoak azken urteetan izan duen hazkundea ere goraipatu nahi izan du, “Bidasoa urte hauetan hazi da eta dagoeneko ez du balio neurketa lehiatzeak, zaleek garaipenak eta Asobal Ligako goi-postuetan egotea exijitzen dute”.
Victor Rodriguezi dagokionez, Bidasoa bezalako talde batean jokatzeko “aukera” nabarmendu nahi izan du: "Maila handiko klub batera iristeko aukera paregabea da, are gehiago kontuan hartuta zer nolako denboraldia datorren ikusirik. Erronka oso politak ditugu aurretik, eta ezin nion Bidasoari ezetzik esan".