UDAKO TORNEOKO FINALERDIA BIHAR JOSTALDIN

2022/08/12
UDAKO TORNEOKO FINALERDIA BIHAR JOSTALDIN

Partida nagusian Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Oses bikoteak arituko dira elkarren aurka

Emakume Master Cup-ek antolatutako Udako Torneoa bukatzear dago eta Hondarribiako Jostaldi pilotalekuan jokatuko da txapelketako azken aurreko jardunaldia, finalerdia hain zuzen ere. Bihar ospatuko da jaialdia, abuztuak 13, 19:30ean. Bertan, Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Oses bikoteek borrokatu beharko dute finalerako txartelarengatik. Aurretik, Etxegarai-Gaminderen eta Garai-Erasunen arteko partida ere ikusi ahal izanen da.

Lehen aldia da Hondarribiako Udalak emakumeen esku pilota partida hartzen duela bere herriko frontoian. Aurretik, Emeki Emakume Elkarterekin lanean ibili da emakumeen pala txapelketak antolatzen, eta honekin bertze pausa bat eman nahi dute diziplina berriak erakutsiz. Kalixa Silanes Hondarribiako kirol zinegotziaren hitzetan, “estreinekoz ekartzen dugu emakumeen esku pilota Hondarribira. Mailako ikuskizuna izango dugu larunbatean Jostaldin. Azken urteotan Emeki Elkartearekin lankidetzan, palako diziplinan lan handia egiten ari da, eta nire ustez aukera hau egokia da egiten ari garen bideari jarraipena emateko”.

Ikuskizunerako sarrerak doan izanen direla ere argitu du Silanesek eta dagoeneko esperientza handia hartu duten pilotari hauen arteko partidak ikustera animatu nahi izan du hurbileko jendea.