UD LOGROÑES, HELDUA ETA LANDUA

2021/09/18
UD LOGROÑES, HELDUA ETA LANDUA

Ligako aurkari zailenetako baten zelaian jokatuko du Real Unionek, UD Logroñesen aurka eta Las Gaunas zelai klasikoan. Aitor Zulaikak “une bakoitzean nola jokatu behar duen dakien taldea dela” aitortu zuen.

Celta B-ren aurka jasotako jipoiaren ostean, egoera iraultzeko aurkari zaila egokitu zaio Real Unioni. 2.A mailatik jeitsi berri den UD Logroñesen aurka jokatuko du, sasoi betean eta oso jokalari baliotsuak dituen taldea. Batu zezaketen 9 puntuetatik, 7 erdietsi ditu talde errioxarrak, Real Unionek baino bat gehiago, baina azken jardunaldian oso bestelako emaitzak batu zituzten bi taldeek. Real Unionek Celta B-ren aurka 1-4 galdu zuen; UD Logroñesek, berriz, markagailu berarekin Zamora menderatu zuen, etxetik kanpo.

Dinamikak dinamika, Aitor Zulaika teknikariari ez dio gehiegi kezkatzen iraganak: “ostiralean neurketa bat jokatu genuen eta igandean beste bat jokatuko dugu. Ez gara iraganari begiratzen egon behar une oro, garrantzitsuena da ostiraleko akatsak ez errepikatzea. Hori da astean zehar landu duguna, akatsak ikusi, horietatik ikasi eta igandean berriro ez errepikatzen saiatu behar gara”.

Aurrekoaren antzera, aste berezia izan da honakoa. Celta B-ren kontrako norgehiagoka prestatzeko lau egun izan bazuten, oraingo honetan, zazpi egun izan dituzte. Horregatik, astean zehar, Errealaren hirugarren taldearen aurka lagunartekoa jokatu dute. Honen helburua, Aitor Zulaikaren esanetan, “denboraldi-aurrean minutuak pilatzeko aukera izan ez duten jokalariek erritmoa eta sentsazioak hartzea” zen.

UD Logroñesi buruz galdetuta, Zulaikak aitortu zuen "entrenatzaile oso ona, une bakoitzean zer egiten duen badakiena. Hainbat baliabide eta joko mota erabiltzen ditu, partidak eskatzen duenaren arabera soropilean ezartzen dituena”. “Sasoi betean dauden jokalariak ditula" ere gaineratu zuen.

Iker Guarrotxena, uneko izarra. 

Australiatik gol egiteko gosez heldu da Logroñora. Jokatu diren hiru jardunaldietan, lau gol erdietsi ditu Endika Guarrotxena ezagunaren ilobak, horietatik hiru Zamoraren aurka, azken jardunaldian. Golez gain, Aitor Zulaikak taldeko motorra dela adierazi zuen atzokoan: “golengatik baino, taldean duen eraginagatik da garrantzitsu Guarrotxena. Berak ezartzen du noiz jokatu behar den eta zertara. Askotan, horrelako jarrerak golak baino garrantzitsuagoak dira”. Nahiz eta gol asko egin eta aurrealdean jokatu, jokalari bizkaitarra ez da aurrealdeko erreferentzia klasikoa, aurrealdean edozein postutan ondo moldatzen den horietako da, defentsen lana guztiz zailtzen duena.