TXURIBELTZEK OSPAKIZUNEZ BETETAKO ARRATSALDEA IZANEN DUTE GAUR

2022/12/20
TXURIBELTZEK OSPAKIZUNEZ BETETAKO ARRATSALDEA IZANEN DUTE GAUR

Mallorcaren kontrako Kopako neurketa dela eta, Real Union Klubak ekintzaz beteriko arratsaldea prestatu du

Real Unionek gaur, iluntzeko 21:00etan, RCD Mallorca jasoko du Stadium Galen, Kopako kanporaketa jokatzeko. Partida eguneko ekitaldi garrantzitsuena izanik, aitzinetik ere jardueraz betetako arratsaldea prestatu du klubak, zale guztiek elkarrekin taldeak lortu duena ospa dezaten.

Zabaltza plazan emanen zaie hasiera ospakizunei. Arratsaldeko 17:00etan txokolate beroa eta Aguirreko opilak banatuko dira Real Uniongo Gabonetako etxolan, bertara gerturatzen diren haurren artean. 17:30etik 18:00etara aldiz, freestyle futbol erakustaldia eskainiko du Alvaro Lopezek, Espainiako eta Top 8ko munduko txapelduna. 18:00etatik aitzinera, Burrunba Elektrotxarangak girotuko du plaza eta 18:45ean zale txuribeltzen kontzentrazioa egonen da kioskoan. 19:00etan azkenik, Burrunba elektrotxarangak lagunduta, kalejira eginen dute besta plazatik Stadium Galera mugitzeko.

Galeko instalazioen inguruetan ospatuko dira ekitaldiak neurketa hasi bitarte. 19:00etatik 21:00etara, hain zuzen ere, zaleentzat karpa erraldoi bat paratuko dute zelaiaren kanpoaldean. 19:30ean Alvaro Lopezek bere erakustaldia errepikatuko du bertan eta 19:45ean kalejira Galera iristea aurreikusi dute. 21:00etan azkenik, Real Union eta Mallorcaren arteko neurketa hasiko da.

Honez gain, gaur 10:00etatik aitzinera, Real Uniongo denda irekita egonen da, baita Stradium Galeko lehiatilak ere.

(Argazkia: Mikel Blasco)