Txirrindularitza profesionala, gertu-gertutik

2017/10/24
Txirrindularitza profesionala, gertu-gertutik

Caja Rural Seguros RGA taldeko auxiliarra da Jon Urtizberea

Hondarribiko aireportuko sarrerara iritsi aurretik, bada zuzengune luze bat, N-638 errepidearen eskuin aldean geratzen dena. Zenbait kamioi egoten dira aparkatuta, normalean. Gaur, ordea, autobus zuri-berde bat dago, Caja Rural eta Seguros RGA marken publizitatea daramana. Profesional Continental mailako txirrindularitza taldearen ibilgailua da. Barruan, Jon Urtizberea irundarra dabil, zabor poltsa biltzen. Auxiliar lanetan ibili da aurten, eta taldearen egutegiko lasterketa nagusietan izan da, Frantzian, Italian, Portugalen edo Norvegian, adibidez. Euskal Herriko Itzulia eta Espainiako Vuelta ere ezagutu ditu, barru-barrutik.

Autobus arrunta dirudi, kanpotik. Eskaileratxoak igo eta barrura sartu bezain pronto, ordea, antzematen da ez dela ohiko ibilgailua. Eserleku gutxi ditu, baina dotoreak eta erosoak dira. Komunak ditu, baina baita sukaldea eta dutxak ere. “Hemen denbora luzez bizi zaitezke, karabana handi baten modukoa da”, baieztatu du Jon Urtizbereak. Zintzo ari da, izan ere, ia etxean baino denbora gehiago pasa du aurten autobusean. Lehen aldiz aritu da Caja Rural taldean, auxiliar lanetan. Autobusa gidatzea eta garbi mantentzea izan da bere lan nagusia. Baina masajista ere bada: “Bi masaje ematen ditut lasterketa bakoitzean. Beste masajistek baino bat gutxiago, autobusak duen lanagatik”.

Bost-sei auxiliarreko lan talde finkoa du Caja Ruralek. Gero, badira txandaka ibili diren beste batzuk ere. Guztira, hamar auxiliar inguru, mekanikoak eta masajistak kontuan hartuta. “Lasterketetara joaten ez den jendea ere badago, prentsakoak, material arduradunak etab. Iruñeko egoitzatik egiten dute lan”, azaldu du Urtizbereak. Hori, Caja Ruralen mailako talde xume batean. Talde handienetan, Sky batean, adibidez, lasterketetan hogei auxiliar baino gehiago izan daitezkeela adierazi du Jon Urtizbereak: “Guk autobusa eramaten dugu, baina haiek bi kamioi eta kotxe pila bat”.

Zein esperientziarekin geldituko zinateke?

“Espainiako Vueltarekin, agian. Egun asko izan dira etxetik kanpo, baina gustura ibili naiz, egia esan. Laburra egiten dela ere esango nuke, lehen astea kenduta. Prologoa baino lehen, lau bat egun pasa genituen leku berean, mugitu gabe. Hori kontuan hartuta, eta lehenengo atseden egunera arte, bederatzi egun dira, eta luzea egiten da. Baina gero, beste bi asteak, oso azkar. Euskal Herriko Itzulia ere polita izan zen, etxean izanagatik, hain zuzen ere”.

“Korrika ibili behar izaten da gauzak konpontzeko, egun batetik bestera”

Auxiliarren arteko giro ona azpimarratu du Jon Urtizbereak, baita beste taldeetako batzuekin izan dutena ere. Esperientzia okerrenak, autobusak eman dizkion arazoekin lotutakoak dira: “Autobusa eramatea gustatzen zait, baina dutxak direla, edo argia dela, estra asko dituzte, eta arrunta da zerbaitek huts egitea. Atzerrian tailerrak bilatzea, denborarik gabe, ez da erraza izaten. Korrika ibili behar izaten da gauzak konpontzeko, egun batetik bestera”. Errepidez egindako bidaia luzeak ere aipatzekoak dira. Txirrindulariak hegazkinez joaten dira lasterketa gehienetara. Auxiliarrak, aldiz, autobusean.

“Garaipenak oso garesti daude. Gerra ematea izaten da gure helburua”

Kirol arloan, Caja Ruralek ez du garaipen handirik eskuratu. Dena den, talde lehiakorra izan da, beste behin ere. Eta hori da, hain zuzen ere, txirrindulariei eskatzen dietena: “Garaipenak oso garesti daude. Auzoan irabaztea ere zaila da. Beraz, gerra ematea izaten da helburua, eta alde horretatik, pozik gaude”. Aurtengo txirrindularitza sasoia, orokorrean, polita izan dela uste du: “Lasterketa ikusgarriak egon dira. Chris Froomen lana nabarmenduko nuke, Tourra eta Vuelta urte berean irabaztea ez dagoelako edonoren esku. Egia da sekulako taldea duela ondoan, baina hiru asteko bi itzuli jarraian irabazteko, maila handia eduki behar da”.

Txirrindulari ere izan zinen, eta ondo ibili zinen afizionatuetan. Ez zenuen profesionaletara jauzia emateko aukerarik izan?

“Oso zaila da saltoa ematea, jende asko dagoelako ondo ibiltzen dena. Zortea behar izaten da, eta kontaktuak ere oso garrantzitsuak dira. Gertuko taldeak edukitzeak ere laguntzen du, eta lehen bakarra zegoen. Orain, Muriasekin, Euskadi Fundazioarekin, Cajarekin… Aukera gehiago daude”.

Bizikleta utzi zenuenean, txirrindularitzari lotuta jarraitzeko asmoa zenuen?

“Nahiko nazkatuta bukatu nuen, egia esan. Baina onartu beharra dut, bizikleta alde batera utzi eta segituan sartu zitzaidala berriro ibiltzeko gogoa. Masajista hasi nintzen Frantziako talde batean, afizionatuetan. Ondoren Muriasen ibili nintzen iaz, eta Caja Ruralen aurten”.

Txirrindularitzaren munduan berriro murgilduta, momentuz, aurrera jarraitzea da Jon Urtizberearen asmoa. Caja Ruralen ariko da hurrengo denboraldian ere. Nekatuta dago momentu honetan, eta azken lasterketa falta zaio oraindik, beste edozein baino urrunago gainera, Txinako errepideetan. Baina gero atsedena hartuko du, eta urtarrilean bueltatuko da, Caja Ruralen lehen kontzentrazioarekin, 2018ko txirrindularitza sasoiari indarrez ekiteko gogoz.