TXIRRINDULARITZA IZANEN DA PROTAGONISTA IRUNEN EKAINA HASIERA HONETAN
Igande honetan (ekainak 4) Done Pedro Sari Nagusia ospatuko da eta ekainaren 11n berriz, Juanma Garate Martxa Zikloturista
Txirrindularitza zaleek bi hitzordu garrantzitsu izanen dituzte ekaina hasiera honetan Irunen. Igande honetan (ekainak 4), errate baterako, Done Pedro Sari Nagusiaren 102. edizioa eginen da. Ekainaren 11n berriz, Juanma Garate Martxa Zikloturista izanen da eskualdean. Bi lasterketak ere hilabete honen hasieran ospatu beharko dituzte, ohiko datetan ezinezkoa izanen litzatekeelako aurten, Tourra-ren etorrera dela eta.
Irunes Txirrindularitza Taldeak bi hitzorduren berri eman zuen atzo eguerdian prentsaren aitzinean. Alde batetik, ekainaren 4ean, Done Pedro Sari Nagusia ospatuko dutela jakinarazi zuten. Bertze aldetik, ekainaren 11n, Juanma Garate Martxa Zikloturista izanen da. “Biak ala biak San Juan plazan bukatuko” direla azpimarratu nahi izan zuen Jorge Garcia klubeko kideak, baita berrikuntzak izanen dituztela ere.
Igande honetan ospatuko den Done Pedro Sari Nagusia antolatu dute Irunes Txirrindularitza Taldeak eta Irungo Udalak elkarlanean. 102. edizioa izanen da eta ibilbide berria izanen duela jakinarazi zuten ordezkariek. Jorge Garciak erran zuenez, “klubaren helburua eskualdean lasterketak aurrera eramatea da, baina muga dela eta, zaila izaten da. Urtero aldatzen joan behar gara”. Horrela, aurtengo ibilbidea berezia izanen dela argitu zuten: “Basakabi inguruetara hurbilduko gara. Urdanibia plazatik atera, Irun zeharkatu eta Donostiara joango gara. Gaintxurizketa gainditu, Perurena, eta Astigarraga pasatu ondoren, Goizuetarako bidea hartuko dugu. Aspaldi ez garela handik pasatzen eta hori berreskuratu nahi genuen. Basakabiraino ailegatuko gara eta hortik, Doneztebera. 30 kilometroko igoera izanen da, gogorra. Doneztebetik Bortzirietara pasatuko gara, Lesakatik igaro eta hortik, lehen mailako Agiña, Aritxulegi, Gurutze eta Olaberria, lau mendate jarraian, pasatu beharko dute txirrindulariek. 153 kilometroko lasterketa izanen da eta gogorra. Irungo jaietako lasterketa izanda, San Martzial kalean bukatzeko hautua hartu dugu”.
Dagoeneko 174 txirrindulari daude lasterketan izena emanda. Garciak aipatu duenez, “kopuru polita da eta Bidasoa Itzulian lehian egon ziren batzuk egongo dira”. Zehazki hiru irundar egonen dira bertan: Jon Morillo, Mikel Bermejo eta Haritz Sein. Gainera, Bidasoa eskualdeko bertze hainbertzek parte hartuko dute proban: Berako Mikel Irigoien, Saldiasko Ugaitz Otxandorena eta Elizondoko Iñaki Ordoki. Sariez eta garaikurrez ere aritu zen Jorge Garcia eta “Bidasoa institutuarekin batera egin” dituztela aipatu zuen. “Mendate nagusien profila hartu dute eta garaikur poli batzuk egitea lortu dute”, gaineratu zuen. Done Pedro Sari Nagusia Gipuzkoako Txapelketaren barruan kokatuko da, eta beraz, elite eta 23 urtez azpiko gipuzkoar onenak saria izanen duela azpimarratu zuten. Lehen sailkatuak aldiz, txapela irabaziko du.
Juanma Garate Martxa Zikloturista
Ekaineko bigarren asteburuan ere txirrindularitza izanen da protagonista eskualdean. Ekainaren 11n, zehazki, Juanma Garate Martxa Zikloturista ospatuko baita Irunen. Juanma Garate berak azaldu zuenez, “probaren ibilbidea ohikoa izanen da”. Aitzineko urtean zailtasunak izan zituzten ibilbidea osatzeko, baimenak azken orduan ez zirelako ailegatu. Aurten hori berreskuratuko dute: “Hondarribia, Agiña, Aritxulegi, Gurutze eta Irun zeharkatuko ditugu, Erlaitz, Arkale eta Jaizkibelekin luzatuta. 129 kilometro izanen dira”. Txirrindulari ohia “identifikatuta” sentitzen da bazter hauetan eta pozik dago lortutakoarekin.
EF Education-EasyPost talde profesionaleko zuzendaria ezin izanen da probaren egunean bertan egon, Dauphine lasterketan lanean egonen baita. Hala ere, irri artean, “denei onena opa” diela erran zuen, baita “eguraldi ona enkargatua” duela. Horrez gain, “proba ez-lehiakorra” dela oroitarazi nahi izan zuen, nahiz eta “bakoitzak bere burua neurtzeko lekuak egon”. Horregatik, errate baterako, Agiñan bataz bertzeko denborara gehien hurbiltzen denak saria izanen duela jakinarazi zuen, baita Aritxulegin ere. Erlaitzen ere ibilbidea kronometratua edukiko dute eta horren arabera, denborarik onena egiten duen emakume eta gizonak saria ere jasoko du. Helmugan partehartzaileari ere omenaldia eskainiko zaio.
Maillota ere berria izanen da eta izen-ematearekin batera emanen dutela erran zuen Garatek. “Irunes Txirrindularitza Taldearen jatorriari keinu bat egin nahi genion, artilezko maillota egin gabe”, erran zuen broma tartean. Izen-ematea oraindik ere irekia dago www.kirolprobak.com webgunean eta hor bertan aukeratu ahal izanen da maillotaren neurria.
Lasterketa bukatutakoan, San Juan Plazan bertan hamaiketakoa egonen dela azpimarratu zuten eta horrez gain, ibilbidean zehar bi anoa-gune egonen direla, bat San Antonen eta bertzea Gurutzen. “Bizikletaren festa” larunbat arratsaldean hasiko da gainera. “Spinning klasearekin batera, dortsalak banatuko ditugu”, erran zuen Juanma Garatek.