TXINGUDIKO GAZTEAK GARAIPENAREN BILA JOANEN DIRA ASTEBURUAN

2024/01/26
TXINGUDIKO GAZTEAK GARAIPENAREN BILA JOANEN DIRA ASTEBURUAN

18 urtez azpiko taldea Iruñaren kontra ariko da eta 16 urtez azpikoa berriz, Uni Bilboren kontra

Txingudi Rugby Klubeko seniorrek atsedena hartuko dute asteburu honetan, baina Plaiaundin egoitza duten gazteek berriz, Ligari segida emanen diote bihar, urtarrilaren 27an. Hala ere, bi taldeak kanpoan ariko dira oraingoan, 18 urtez azpikoak Iruñean eta 16 urtez azpikoak Bilbon.

Txingudi/Bera Bera 18 urtez azpiko taldeak bihar goizean izanen du hitzordua Iruñean, bertako Iruña taldearen kontra. 11:00etan hasiko da partidua eta garaipenaren bila joanen dira mugako jokalariak. Izan ere, hilabete oso bat daramate jokatu gabe, Plaiaundin Ordiziaren kontra jokatutako azken neurketaren ondotik. Gogoz dago taldea, indarberrituta, eta orain arteko lan ona erakusteko asmoa dute bertan.

Gabiria Txingudi/Baztan 16 urtez azpiko taldea ere kanpoan ariko da oraingoan. Hauek Bilbon jokatutako dute bihar ere, 13:00etan, Uni Bilbo taldearen kontra. Bigarren faseari hasiera emanen diote horrela eta lehen puntuak irabazteko helburua dute bidasotarrek. Aurkaria ere ezaguna dute, azaroaren 11n aritu baitziren hauen kontra eta arrakastarekin bukatu zuten Txingudiko jokalariek, 34-7 irabazi baitzuten orduan. Oraingoan, etxetik kanpo ariko dira, baina emaitza bera errepikatu nahi dute.

Azkenik, 14 urtez azpiko taldea ere lanean ariko da asteburuan. Igande honetan, urtarrilaren 28an, Hernanin jokatuko dute Gipuzkoako Ligako bigarren jardunaldia. Honen ondotik, bertze hiru partidu izanen dituzte soilik denboraldia bukatu bitarte eta horregatik, azken neurketa hauetan lehen partidan, Logroñon, izandako zapore gaziari buelta eman nahi diote.