Txingudiko 14 urtez azpiko taldeak Gipuzkoako Txapelketa finala jokatuko du

2025/04/10
Txingudi/Orereta/Baztan taldeak Donostiako Puio zelaian jokatuko du Gipuzkoako Txapelketa finala, Bultz Bera Bera taldearen kontra. Neurketa larunbatean jokatuko da, apirilaren 12an, 11:15ean.
Txingudiko 14 urtez azpiko taldeak Gipuzkoako Txapelketa finala jokatuko du
Fermin Garaioa

Txingudi Rugby Klubeko 14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldeak Gipuzkoako Ligako azken partidua jokatuko dute asteburu honetan, urteko garrantzitsuena izanen dena, finala izanen delako. Gipuzkoako txapeldun bilakatu daiteke talde gaztea, Donostiako Puio zelaian, Bultz Bera Bera taldeari irabaztea lortzen badu. Finalerdietan maila ezin hobea erakutsi dute eta horri eutsi nahi diote asteburu honetan ere. Partidua larunbatean jokatuko da, apirilaren 12an, 11:15ean, eta klubak zaleei dei egin die Donostiara hurbiltzeko taldea babestera. 

Seniorrek aurkari bera izanen dute Iruñean

Txingudi Rugby Klubeko senior mailako bi taldeek aurkari bera izanen dute asteburu honetan. Biok Txingudik eta Zaisa Txingudik Iruñeara bidaiatu beharko dute, bertako La Unica taldearen kontra lehiatzeko. Emakumeek jokatuko dute lehenik, larunbatean 12:00etan. Ondotik, gizonezkoen txanda izanen da, 15:00etan. Biak ere zelai berean jokatuko dute. 

Emakumeei dagokionez, emaitzak ez du eraginik izanen play-offera sailkatzeko aukeretan, bi taldeak ere barrenean baitaude dagoeneko. Hala ere, kanporaketarako aurkaria zein izanen den erabakiko da emaitzaren arabera. Irabazleak Durangoren kontra ariko dira eta galtzaileak berriz, Gaztedi izanen du aurkari. 

Gizonek berriz, Ligako azken jardunaldia izanen dute Iruñeakoa eta sailkapeneko bostgarren postuan bukatzeko aukera dute. Erronka zaila izanen da, iruindarrak Ligako bigarrenak baitira eta igoera fasea jokatzeko ezinbertzekoa izanen dutelako garaipena lortzea. Hala ere, Iñigo Camarero eta Leire Muñozen jokalariek denboraldia ahal duten hoberen bukatu nahi dute, are gehiago azkeneko jardunaldietan erakutsitako jokoarekin.

16 urtez azpiko taldea Bilbon

16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak Uni Bilbo B bisitatuko beharko du asteburu honetan Bilbon. Neurketa bihar jokatuko da, 12:30ean Errekaldean. Ligako azken fasea ez dute behar bezala hasi gazteek eta egoerari buelta eman nahi diote asteburuan. 

Pazko astean ludoteka irekia

Txingudi Rugby Klubak jakitera eman duenez, Pazko asterako ludoteka zerbitzua eskainiko dute, antolatu dituzten hainbat ekintza desberdinekin osatua. Plaiaundin eskainiko dute zerbitzua, apirilaren 22tik 25era, 9:00etatik 13:00era. Izen ematea irekia dago jada, eta informazio gehiago eskuratzeko, klubak info@txingdirugbyclub.es helbide elektroniko jarri du eskuragarri, baita 688 74 53 62 telefono zenbakia.