TXINGUDI/BAZTANEK B MULTZOKO FINALA JOKATUKO DU BIHAR PLAIAUNDIN

2024/05/10
TXINGUDI/BAZTANEK B MULTZOKO FINALA JOKATUKO DU BIHAR PLAIAUNDIN

La Unica taldea jasoko dute 14 urtez azpiko taldeak finala jokatzeko, maiatzaren 11n 11:00etan

Txingudi Rugby Klubeko taldeak denboraldi bukaerara ailegatzen ari dira eta horietako final bat Plaiaundin jokatuko da asteburu honetan. Hain zuzen ere, 14 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak bere ligako B multzoko finala jokatuko du bihar, maiatzaren 11n, Plaiaundin. La Unica taldearen kontra ariko da, 11:00etan. Denboraldia sentsazio onekin hasi zuten gazteek, lurraldeko zazpiko errugbiko topaketetan, baina urtarrilean hasi zuten Gipuzkoako hamabortzeko errugbiko ligan ez ziren hain fin ibili, haien jokoa hobera egin bazuen ere ligan zehar. Azken fasean A multzoan sailkatzeko aukerarik gabe, B multzoko kanporaketak jokatu dituzte azkenengo asteetan, Iruña eta Zarautz/Beltzaken kontra, garaipen garrantzitsuak eskuratuz eta azken faseraki sailkatuz. La Unicaren kontrako finala neurketa interesgarria izanen dela aitzindu dute klubeko ordezkariek eta zuzenean ikusteko aukera izanen dela, klubaren sare sozialen bidez.

Gabiria Txingudi/Baztanek ere bukaera emanen dio ligari

16 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldeak denboraldiari bukaera emanen dio asteburu honetan, Iruña RC taldearen kontra jokatuko duten jardunaldian. Igandean ariko dira, maiatzan 12an, 11:00etan, Iruñean bertan. Euskal Ligako B multzoko azkeneko jardunaldia izanen da, erran bezala, eta ahalik eta hobekien bukatu nahi dute denboraldia, sailkapeneko zazpigarren postuan dauden gazteek.

Biok Txingudiren neurketa bertan behera

Biok Txingudi emakumeen taldeak larunbatean (maiatzaren 11n) jokatu behar zuen denboraldiko azkenaurreko jardunaldia, baina aurkariak, RC Riojak, bertan behera uztea eskatu du. Horregatik beragatik, heldu den astean jokatuko du Biok Txingudik denboraldiko azken jardunaldia.