TXINGUDI/BAZTAN TALDEA GIPUZKOAKO B MULTZOKO TXAPELDUNA
Txingudi Rugby Klubeko 14 urtez azpiko taldeak ezin hobe bukatu du denboraldia
Txingudi Rugby Klubeko 14 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak Gipuzkoako B multzoko txapeldun izaten bukatu du denboraldia. Iruñeako La Unica taldearen kontra lehiatu zuten azken jardunaldia eta, hondarreko lau partiduetan egin bezala, 29-20eko markagailuarekin irabazi zuten mugakoek.
Final baten ohiko zailtasuna izan zuen larunbateko 14 urtez azpiko taldearen partiduak. Txingudi/Baztan galtzen hasi zen La Unicak egindako lehen entsegu baten ondotik (0-5). Edonola ere, amore eman gabe segitu zuten eta buelta eman zioten egoerari, entsegu bat eraldatuz, eta 7-5eko emaitza jarri zuten. Norgehiagoka parekatua izan zen eta horrela isladatu zen markagailuan ere. Iruindarrek irauli egin zuten emaitza berriz ere, baina azken aldia izan zen. Horren ondotik, etxekoek berriz ere buelta eman zioten neurketari eta azkenik, 29-20 irabazi zuten, finala ere eskuratuz eta B multzoko Gipuzkoako txapelduna bilakatuta.
Unai Aizpurua, Urtzi Arrieta, Asier Artal, Egoitz Blanco, Giovani Ciurar, Justin Duarte, Oihan Echeveste, Galder Eizaguirre, Omar El Mossaoui, Oier Galvez, Jonathan Guerrero, Greta Gutiérrez, Urtats Mendizabal, Joaquín Mijichich, Mattin Petrikorena, Urko Prieto, Alan Ali Rodríguez, Alex Alho eta Markel Orbegozok ordezkatu zuten Txingudi.
Gabiria Txingudi/Baztanek ezin izan zuen irabazi ligako azken partiduan
16 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldeak berriz, ezin izan zuen garaipena eskuratu denboraldiko azken neurketan. Iruña RC bisitatu zuten eta lehen zati berdindu baten ondotik, 7-0eko markagailuarekin ailegatu ziren atsedenaldira. Etxeko taldeak izan zuen nagusitasuna eta bigarren zatian ere horrelaxe izan zen. Edonola ere, bisitariek bi entsegu egin zituzten eraldaketa batekin, Aimar Echevesteren eta Oier Oliveiraren eskutik, eta 38-12ko emaitzarekin bukatu zen neurketa. Honekin guztiarekin, sailkapeneko zortzigarren postuan bukatu dute aurtengo denboraldia.
(Argazkiak: Luis Petrikorena)