TXINGUDI RUGBYKO SENIORRAK LEHIARA BUELTATUKO DIRA LARUNBATEAN
14 urtez azpiko taldeak ere Zarautz/Beltzak bisitatuko du
Txingudi Rugby Klubeko taldeek ez dute Plaiaundin jokatuko asteburu honetan, baina seniorrek eta 14 urtez azpikoek neurketa izanen dute larunbatean. Lehen taldea Igorren arituko da, Arratiko Zekorren kontra, eta bigarrenak berriz, Zarautz/Beltzak bisitatuko dute.
Zaisa Txingudiko senior mailako mutilak lehiara bueltatuko dira asteburu honetan. Hain zuzen ere, larunbat honetan jokatuko dute datorren jardunaldia, Arratiko Zekorren kontra. Neurketa Igorreko San Txisme zelaian jokatuko da, larunbatean (otsailaren 4ean), 16:00etan. Denboraldiko lehen zatian, bizkaitarrek gogor jokatu zuten Plaiaundin eta etxekoen defentsa guztiz nahastu zuten, emaitza euren alde utziz. Oraingoan, Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren mutilek defentsa landu eta aurkariaren jokora moldatzeko ahaleginak egin dituzte asteburuari begira.
Bidasotarrak baldintzatuak egonen dira hala ere, Oihan Arruabarrena, Iker Tejero eta Xabi Sanchez jokalariak baja izanen baitira larunbaterako eta “Gabo” Lizarazu, Sua Varela, Ramon Bergua, Urko Genua, Asier Amigo eta Asier Gonzalezen partehartzea ere zalantzan baitago oraindik. Edonola ere, mugakoek euren mailarik onena emateko prest daude. Camareroren hitzetan, “igoera zuzena lortzeko aukera izaten jarraitu nahi badugu, geratzen zaizkigun bost partidak, nahi eta nahi ez, irabazi behar ditugu”.
14 urtez azpiko taldea Zarautz/Beltzak-en kontra arituko da
Bertzalde, 14 urtez azpiko taldea Lasarte-Oriako zelaian arituko da, Zarautz/Beltzak-en kontra. Peiko Pardo eta Koldo Alonso prestatzaileek “gure ligako taldeen maila oso parekatua da eta horrek gure neska-mutilei ikasi eta gozatzeko aukera ematen die”, adierazi dute.
(Argazkia: Beñat Herrero)