TXINGUDI RUGBY KLUBEKO TALDEEK SARAKOEKIN ETA LLEIDAKOEKIN TOPAKETA EGIN DUTE
Emakumeek Sarako Izarra eta Lleidako INEF taldeekin entrenatu zuten eta gizonezkoek azken hauen kontra lagunarteko bat jokatu zuten
Txingudi Rugby Klubeko emakume eta gizonezko taldeek topaketa batzuk antolatu zituzten Lleidako INEF eta Sarako Izarra taldeekin batera. Biarritz Olympique ikustera joan ziren ortziralean eta larunbatean berriz, entrenamendu batzuk ospatu zituzten, baita lagunarteko bat ere.
Ortziralean hasi zituzten ekitaldiak Txingudi Rugby Klubeko jokalari seniorrek. Lleidako INEF taldeko hogeita hamar jokalari etorri ziren bisitan Irunera asteburuan eta hori aprobetxatuta hainbat jarduera ospatu zituzten eskualdean. Arratsalde horretan, hain zuzen ere, Biarritz Olympique-n partidua ikustera joan ziren Aguilerara, hainbat jokalari eta lagun.
Larunbatean berriz, Plaiaundin entrenamenduak ospatu zituzten klub irundarreko emakumeek eta horretarako, Sarako Izarra taldekoak ere gonbidatu zituzten. Bertan, joko-egoerak praktikatu zituzten eta Maider Aizpurua eta Asun Gamindez entrenatzaileek azpimarratu zutenez, argi utzi zuten bidasotarrek egin dituzten aurrerapenak handiak izan direla. Gainera, jokalari berriak gehitu dituzte taldera eta lan ona egiten ari dira. Sarako Izarra taldekoek berriz, euren jokoan ohikoak diren pase azkarrak eta kontaktu gogorrak erakutsiz zituzten eta etxekoek aunitz ikasteko aukera izan zuten.
Bertzalde, gizonezkoek, denboraldiko azken partidu garrantzitsuari aurre egin aitzinetik, Lleidako INEF taldearen kontrako lagunarteko bat jokatu zuten Plaiaundin. Entrenamendu gisa erabili zuten saioa Txingudikoek eta hauek ere jokatzeko modu ezberdinak partekatzeko aukera eduki zuten. Entrenamendua bukatuta, denek elkarrekin mahai baten bueltan elkartu ziren adiskidetasuna ospatzeko.