TXINGUDI RUGBY KLUBEKO TALDEAK PLAIAUNDITIK KANPO ARITUKO DIRA

2023/01/12
TXINGUDI RUGBY KLUBEKO TALDEAK PLAIAUNDITIK KANPO ARITUKO DIRA

Senior mailako taldeak eta Touch saileko taldeak izan ezik, bertze talde guztiek neurketa izanen dute asteburu honetan

Txingudi Rugby Klubeko talde gehienek, senior taldeak eta Touch saileko taldeak izan ezik, neurketa jokatuko dute asteburu honetan. Hala ere, talde guztiak Plaiaunditik kanpo arituko dira.

18 urtez azpiko Txingudi/Uribealdea taldeak Danon Artean taldearen kontra jokatuko du larunbat honetan, 11:30ean, Mutrikuko San Miguel zelaian. Aurkaria sailkapeneko hirugarren postuan dago kokatuta, Txingudi baino hiru puntu gehiagorekin, eta Eibar, Mutriku eta Arrasateko taldeen elkartasuna da.

16 urtez azpikoak berriz, Donostian arituko dira Kote Olaizola mini-estadioan, Bera Bera/Baztan taldearen kontra. Neurketa hau larunbatean jokatuko da baita ere, 13:00etatik aitzinera. Bidasotarren taldeak sailkapeneko azken postuan bukatu du denboraldiko lehen itzulia. Hala ere, indarrez ekinen diote jardunaldi honi.

14 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak ligari hasiera emanen dio asteburu honetan, Gaztedi B taldearen kontra jokatuko duen partiduarekin. Gasteizen arituko dira hauek, Lakua zelaian, larunbatean 12:00etan. Denboraldi honetan, Gipuzkoako 14 urtez azpiko liga zazpi eta bost taldeko bi multzotan banatu da. Txingudi/Baztan taldea bigarrenean arituko da, Gaztedi B, Hernani/Atletico B, Eibar/Arrasate/Mutriku eta Zarautz/Beltzak taldeekin batera.

Azkenik, igandean (urtarrilak 15), Txingudi Rugby Taldeko eskolak izanen du neurketa. Hauek Logroñora bidaiatu beharko dute, Gipuzkoako federazioak antolatutako topaketa batean parte hartzeko. Pradoviejo zelaian ospatuko dira partiduak eta Txingudirekin batera, Logroñoko, Iruñeako eta Eibarko taldeak arituko dira.