TXINGUDI RUGBY KLUBEKO TALDEAK LEHIAN IZANEN DIRA ASTEBURUAN

2023/03/17
TXINGUDI RUGBY KLUBEKO TALDEAK LEHIAN IZANEN DIRA ASTEBURUAN

Seniorrek neurketa garrantzitsua izanen dute bihar ZarautzB/Beltzak taldearen kontra

Txingudi Rugby Klubeko talde gehienak lehian izanen dira asteburu honetan. Seniorrek partidu garrantzitsua izanen dute bihar Plaiaundin, ZarautzB/Beltzak taldearen kontra. Bertzalde, 18 urtez azpikoak Mungian izanen dira, aurkari beraren kontra. Azkenik, 16 eta 14 urtez azpikoek Lekarozen jokatuko dute, biak ala biak Baztango taldeen kontra.

Zaisa Txingudik neurketa garrantzitsua izanen du asteburu honetan etxean. Zarautz B/Beltzak taldea jasoko dute bidasotarrek (16:00), play-offa jokatzeko aukera edukitzeko helburuarekin. Mugako taldeak eskura du igoera jokatzeko sailkatzea eta horretarako, bonus puntu batekin gainditu beharko du bihar aurkaria. Horrez gain, Iruña eta Gaztedi B taldeen arteko emaitzaren esperoan egon beharko da. Lehenak irabaziko balu, azken jardunaldia, Nerbioi taldearen kontrakoa, "hil ala bizikoa" izanen da Camarero eta Lasaren mutilentzat, eurek adierazi duten moduan.

18 urtez azpikoak berriz Mungian arituko dira asteburuan, baina etxeko talde moduan jokatuko dute bertan. Zarautz/Beltzak izanen da euren aurkaria ere, B multzoko lehenengo postuan dagoen taldea hain zuzen ere. Hitzordua 10:30ean izanen dute errugbilariek.

Azkenik, 16 eta 14 urtez azpiko taldeak Lekarozen izanen dira. Bi talde hauek Baztan izanen dute aurkari, baina txikienek bertako zelaia izanen dute etxea oraingo honetan. Azken hauek denboraldi guztian zehar egindako lan onari segida eman nahiko diote garaipen batekin, 12:30ean jokatuko duten neurketan zehazki. 16 urtez azpikoak berriz, 11:00etan hasiko dute partidua, eta hauek aitzineko asteko porrotari buelta emateko helburuarekin aterako dira zelaira.