Txingudi Rugby Klubeko seniorrek porrot bana jaso zuten Plaiaundin

2025/03/11
Biok Txingudik 12-29 galdu zuen Gaztediren kontra eta Zaisa Txingudik berriz, 5-41eko emaitzarekin porrota jaso zuen Uribealdea taldearen aldetik. 14 urtez azpiko taldeak ere porrota jaso zuen Ordiziaren kontra (27-35), eta 16 urtez azpikoak garaipena eskuratu zuten bakarrak izan ziren, 12-87 Gaztedi Gorriaren kontra.
Txingudi Rugby Klubeko seniorrek porrot bana jaso zuten Plaiaundin
Onintza Burgera

Txingudi Rugby Klubeko senior mailako bi taldeek garaipenik batu gabe bukatu zituzten asteburuan Plaiaundin jokatutako neurketak. Biok Txingudik 12-29ko markagailuarekin galdu zuen Gaztediren kontra eta Zaisa Txingudik ere 5-41ekoarekin porrota jaso zuen Uribealdearen kontra. 

Neurketa zaila izanen zela bazekien Biok Txingudik taldeak eta hasi bezain laster konfirmatu zuen aurreikuspen hori. Gaztedi indarrez zelairatu zen eta lehen minutuan eraldatu zuen entsegu bat, lehen marka lortuz (0-7). Hala ere, etxekoek erasora jo zuten segidan, aurrelariei eta hiru laurdeneko jokalari trebeei aitzin egin zieten baloia azkar mugituz, ostikada sakonak emanez eta fase estatikoetan denbora ez galduz. Horrela, lehen entsegua lortu zuen Miren Fernandezek 25. minutuan, Alba Saizek ostikada batez makilen artean sartuz baloia eta berdinketa lortuz (7-7). 

Atsedenaldiaren ondotik, Gaztedik aurrelariekin jokatu zuen gehien bat bere indargunea nabarmenduz, eta puntuak batzen segitu zuen, entseguak eginez eta 7-29koa ezarriz. Azken minutuetan, hiru laurdenen jokaldi berri batekin, Uxune Aranburuk defentsa zulatu eta bigarren marka egitea lortu zuen, 12-29koa ezarriz. Markagailuan gehiago hurbiltzeko astirik gabe gelditu ziren mugakoak eta neurketa galdu zuten honela. Hala ere, sentsazio onak bildu zituzten eta denboraldiko azken txanpari positiboki begiratzen diote. Heldu den larunbatean, martxoaren 15ean, Uni Bilbo bisitatuko du talde bidasotarrak eta azken bi jardunaldietan ere, aurkari zuzenen kontra neurtu beharko dituzte indarrak. 

Zaisa Txingudik ezin izan zuen Uribealdea garaitu

Zaisa Txingudi garaipena lortzeko prest zelairatu zen Plaiaundin, denboraldiko laugarrena lortzeko hain zuzen ere. Hala ere, Uribealdeak lehen itzuliko emaitza errepikatu nahi ez zuela erakutsi zuen hasieratik eta hamabosteko indartsua zelairatu zuen. Hasieran, jokoa oso irekiarekin aritu ziren bi taldeak eta baloiaren jabetza ere bata eta bertzearena izan zen, nagusitasun handirik gabe. Haizeak paseak zaildu egin zituen eta ongi aprobetxatu zuen talde bisitariak egoera hau abantaila hartzeko, meléan etxekoek baino puntu bat gorago egotea lortu baitzuten. 

Hurrengo minutuetan, Zaisa Txingudi jokalari bat gutiagorekin gelditu zen, nahiz eta defentsan gogor segitu zuten. Hala ere, hamabostgarren minutuan, Uribealdearen aldeko zigor kolpe bat izan zen hogeita biko eremuaren barrenean eta aurkariak ez zuen aukera galdu lehen puntuak markagailuan batzeko (0-7). Berdintasuna nagusi izan zen hurrengo jokaldietan, 39. minutura arte. Orduan, talde bisitariak bigarren marka lortu zuen eta 0-12ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. 

Bigarren zatian, ordezkoak zelairatu ziren bi taldeetan eta intentsitateak gora egin zuen, zigor kolpeak ere areagotuz. Uribealdeak bi kaleratze izan zituen eta egoera hori aprobetxatu nahi izan zuten etxekoek lehen entsegua lortzeko Ekain Hiribarrenen eskutik (5-12). Hala ere, bizkaitarrek lanean segitu zuten eta hurrengo bortz minutuetan hiru marka eta bi eraldaketa lortu zituzten, 5-31koa ezarriz. Nagusitasun honek indarra eman zien bisitariei eta azken marka ere lortu zuten, bertze bi entsegu eginda. 5-41eko emaitzarekin bukatu zen neurketa eta Zaisa Txingudi sailkapeneko bostgarren postua bueltatu da honen ondorioz. Heldu den larunbatean, martxoaren 15ean, Plaiaundin ariko da berriz ere mugako taldea, bere aurkari zuzena den Sortzen C-ren kontra. 

Harrobiko taldeen artean garaipen bat eta porrot bat

Harrobiko taldeek asteburu gazi-gozoa izan zuten. Alde batetik, 16 urtez azpiko Txingudi/Baztanek 12-87 garaitu zuen Gaztedi Gorria. Bertzalde, 14 urtez azpiko Txingudi/Orereta /Baztanek 27-35 galdu zuen Ordiziaren kontra, aurreikusitakoa baino gogorragoa izan zen neurketa batean. 

Azkenik, Eskolako errugbilariek Zarautz/Beltzak, Rioja eta Iruña jaso zituzten Plaiaundin, elkarren kontrako lagunartekoak jokatzeko.