TXINGUDI RUGBY KLUBEKO SENIORRAK PLAIAUNDIN ARIKO DIRA

2024/02/08
TXINGUDI RUGBY KLUBEKO SENIORRAK PLAIAUNDIN ARIKO DIRA

Biok Txingudik Bera Bera/Ordizia jasoko du eta Zaisa Txingudik berriz, Zarautz B/Beltzak taldea

Txingudi Rugby Klubeko senior mailako bi taldeak Plaiaundin, etxean, ariko dira asteburu honetan. Hitzordua larunbatean izanen dute bi taldeek, otsailaren 10ean. Goizez, 11:00etan, Biok Txingudik irekiko du eguna eta Bera Bera/Ordiziaren kontra ariko da Euskal Ligako lehen faseari bukaera emanez. Arratsaldean berriz, Zaisa Txingudik hartuko die emakumeei lekukoa. Hauek Zarautz B/Beltzak jasoko dute, 16:00etan.

Biok Txingudik Euskal Ligako lehen faseari bukaera emanen dio Plaiaundin, asteburu honetan. Bera Bera/Ordizia taldea jasoko dute mugako emakumeek, larunbatean 11:00etan. Azken jardunaldia jokatu gabe badago oraindik, Txingudiko jokalariek badakite dagoeneko zein multzotan jokatuko duten bigarren fasea. Lan bikaina egin ondotik, Asier Gonzalezek entrenatutako taldeak 5 garaipen lortu ditu 11 partidetan, azken unera arte ligako sei onenen artean sailkatzeko aukerak izanik. Edonola ere, azkenean ezin izan da sailkatu, Gaztedi Bren erretiroak A multzoan sailkatzeko aukerak kendu dizkiolako Irungo taldeari.

Zaisa Txingudi Zarautz B/Beltzak taldearen kontra

Gizonezkoen taldeak berriz, arratsaldean jasoko du Zarautz B/Beltzak taldea, 16:00etatik aitzinera, denboraldiko bigarren faseari segida emateko. Joaneko partidan zarauztarrek lortu zuten garaipena eta orain, mugakoek emaitza hori irauli eta puntuak batu nahiko dituzte sailkapeneko hirugarren postua ziurtatzeko. Txingudik 24 puntu batu ditu orain arte, La Unica Bri aitzina hartuz. Asteburu honetako aurkaria bosgarren postuan dago kokaturik, 19 punturekin. Beraz, ezinbertzekoa da Camareroren mutilentzat asteburuan puntuak batzea. Norgehiagoka zuzenean jarraitu ahalko da klubeko hedabideen bidez.

Klubeko gazteak Bilbon eta Arrasaten ariko dira

Klubeko 16 eta 18 urtez azpiko taldeak Plaiaunditik urrun ariko dira asteburuan. Txingudi Bera Bera Uni Bilbo bisitatuko du larunbatean, 10:45ean, eta Gabiria Txingudi/Baztanek Arrasate/Elorrioren kontra jokatuko du, Mojategin, larunbatean ere 10:00etan.

Sei nazioko txapelketa Txingudi Rugby Tabernan

Plaiaundiko hitzorduez gain, 6 nazioko txapelketa zuzenean segitu ahalko dute errugbi zaleek Txingudi Rugby Klubeko tabernan. Larunbatean bi hitzordu izanen dira: 15:15ean Eskozia-Frantzia, eta 17:45ean Ingalaterra-Gales. Igandean berriz, Irlandak eta Italiak jokatuko dute elkarren kontrako partidua, 16:00etan.