TXINGUDI RUGBY KLUBEKO GAZTEEK GARAIPENIK GABE BUKATU DUTE URTEA
18 eta 16 urtez azpiko taldeek ezin izan zuten ezer egin Gernika/Arratiko eta Eibar talde indartsuen aitzinean
Txingudi Rugby Klubak bukaera eman dio urteari 18 eta 16 urtez azpiko taldeek jokatutako neurketekin. Bi taldeek ezin izan zuen garaipenik batu eta Gabonetako atsedenaldira porrot mingarriekin joan dira. 14 urtez azpikoek berriz, Gipuzkoako Ligako prestaketekin jarraitu dute eta Txingudi Touch taldeak ere partida jokatu zuten Logroñon.
18 urtez azpiko Txingudi/Uribealdeak taldeak Gernika/Arratiko izan zuen aurrez aurre pasa den larunbatean. Bi taldeak parekatuak bazeuden ere, bizkaitarrak aurrea hartu zuten markagailuan eta atsedenaldira 0-10ekoarekin iritsi ziren. Alde hori handituz joan ziren gainera, eta partidu bukaerako 29 puntu batu zituzten. Hala ere, azken minutuetan etxeko Hector Pescadorrek entsegua egin eta Javier Sanchezek eraldatzeko aukera izan zuen eta beraz, 7-29ko markagailuarekin bukatu zen neurketa.
16 urtez azpikoek berriz, Eibar jaso zuten Plaiaundin. Hemen ere talde bisitaria nagusi izan zen eta zazpi alditan iritsi ziren entsegu markara. Etxekoek ere puntuak batu zituzten, Julen Etxeberriak lortutako eta Jakobe de la Sernak eraldatutako entseguarekin, baina 7-45eko markagailuari buelta ematea zaila izan zen. Hala ere, Txingudi saiatu zen ahalik eta puntu gehien batzen, nahiz eta ia ezinezkoa zen partida berdintzea. Horrela, 17-50eko markagailuarekin amaitu zen jardunaldia.
14 urtez azpiko taldeak La Unica eta Gaztedi A eta B taldeak jaso zituzten baita ere Plaiaundin. Hauek Gipuzkoako Ligako prestaketei jarraipena eman zieten, eta balorazio hagitz positiboa egiten ari dira jardunaldi hauetan ikasten ari direnarekin. Azkenik, Txingudi Touch taldeak Logroñora bidaiatu zuen, bertako Rioja klubak sartu berri duen taldearen kontra lehiatzeko. Hauek lagunartekoak jokatu zituzten eta esperientziak batzeko aprobetxatu zuten, baita opariak elkartrukatzeko ere.
(Argazkia: Ibai Kastezubi)