TXINGUDI RUGBY KLUBEKO EMAKUMEEK LEHEN GARAIPENA ESKURATU DUTE
Maider Aizpuruaren eta Asun Gamindezen taldeak denboraldiko laugarren lagunartekoan irabazi dute, bilakaera ona dutela erakutsiz
Txingudi Rugby Klubeko emakumeek Mungiaren kontra garaipena eskuratu zuten pasa den asteburuan Plaiaundin. Denboraldiko laugarren lagunartekoa jokatu zuten bizkaitarren kontra eta 22-19ko markagailuarekin irabaztea lortu zuten. Taldeak bilakaera ona duela erakutsiz du, baita etorkizuneko jokalariak ere.
Mugakoek Maider Diaz, Helene Tristan, Aitana Garrido, Greta Gutierrez, Laida Rodriguez, Irati Lazkano, Michelle Orozco, Maier Aia, Silvana Ors, Onintza Burguera, Eider Santamaria, Luma Altube, Naroba Catalan eta Garazi Famoso zelairatu zituzten etxean. Hauekin batera, Hernani eta Bera Berako bost jokalariren laguntza ere izan zuten: Naroa de la Fuente, Miren Fernandez, Enara Arruti, Alazne Macicior eta Gaia Morris.
Mungiak eta Txingudik elkarren kontrako lehen lagunartekoa jokatu zuten pasa den martxoan bizkaitarren etxean. Bidasotarrentzat aunitz ikasteko balio izan zuen neurketa izan zen hura eta Plaiaundin jokatutako bigarren partidu honetan, euren bilakaera guztia erakusteko aukera izan zuten.
Norgehiagoka hagitz lehiatua izan zen lehen minututik eta defentsan eta erasoan fin ibili ziren bi taldeak ere. Atsedenaldira iritsi baino lehen, aitzinetik jarri ziren etxekoak markagailuan eta bigarren zatian, tarte hau gehiago zabaltzea lortu zuten. Hala ere, Mungiak ez zuen amore eman nahi eta markagailuko aldea pixka bat murriztu zuen, nahiz eta garaipena eskuratzeko balio ez izan. Azkenik, 22-19ko emaitzarekin etxekoek irabazi zuten denboraldiko laugarren lagunartekoa.
Errugbi Eguna Larraintzarren
Zaisa Txingudiko gizonek berriz, Larraintzarren izan ziren pasa den larunbatean, Baztango BRT Menditarrak taldeak antolatutako Errugbi Egunean. Bertan, Seven Rugby txapelketan hartu zuten parte irundarrek eta, nahiz eta ez zuten emaitza onik bildu (hiru partidu galdu eta bertze bat irabazi), giro onean bizi izan zuten Errugbiaren Eguna.