Txingudi Rugby Klubeko 14 urtez azpiko taldea Gipuzkoako txapeldun
Txingudi Rugby Klubeko 14 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldea Gipuzkoako txapeldun bilakatu da asteburuan, finalean Bera Bera aurkariari 18-19ko markagailuarekin irabazita. Denboraldiko neurketarik berdinduena jokatu zuten Donostian bi taldeek eta azken jokaldietan erabaki zen garaipena bidasotarrena zela.
Ez zuten nahi bezala hasi finala Txingudiko jokalariek, izan ere, Bera Berak bi entsegu egin zituen hasi eta berehala (10-0). Nagusitasuna ere etxekoena izan zen hurrengo jokalriaetan eta azken minutuetara ere aitzinetik ailegatu ziren, 18-14koarekin. Mugakoek berriz, amore eman gabe, erasora jo zuten indarrez eta honek fruituak eman zituen. Hain zuzen ere, azken jokaldian hirugarren entsegu bat eginda, 18-19ko emaitza lortu zuten bidasotarrek eta garaipena ere lortu zuten honela.
Gipuzkoako txapeldun bilakatu zen taldearen hamabostekoa hau izan zen: Markel Aizpurua, Unai Aizpurua, Telmo Bereciartua, Aiur Callao, Markel Celestino, Giovani Ciurar (2 entsegu), Galder Eizaguirre (2 entsegu), Omar El Mossaoui (entsegu bat), Oier Goenaga, Greta Gutierrez, Goretti Lekuona, Urtats Mendizabal (kapitaina), Markel Orbegozo, Annie Pascaru, Oihan Sanchez, Beñat Tristan eta Marcos Viñuela izan ziren Txingudi ordezkatu zutenak, Adei Usandizaga, Aimar Vicondo eta Pau Martinez baztandarrekin eta Oreretako Xian Aizpurua, Eki Galarraga eta Enai Irastorzarekin batera. Epailea Iñigo Atorrasagasti izan zen.
Biok Txingudik Durangoren kontra jokatuko ditu play-offak
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeak garaipena lortu zuten pasa den larunbatean Iruñean, La Unicaren kontra, Ligako finalerdietara sailkatuz. Norgehiagoka kontrolpean eduki zuten eta segidan hasi ziren puntuak gehitzen markagailura. Bederatzigarren minutuan, Enara Arrutik entsegu bat egin zuen, Alba Saizek eraldatu zuena (7-0). Hortik gutira, etxekoek aldeak murriztu zituzten, baina Lur Gastonek azkar erantzun eta bertze entsegu bat egin zuen, Saizek berriz ere eraldatu zuena (14-5). Talde bisitaria baloiaren jabe izan zen eta nafarren zelaian jokatu zuten une oro. Hala ere, etxekoak defentsan ongi aritu ziren eta erasoak ere gelditzen joan ziren. Aldeak murrizteko gai ere izan ziren nafarrak, nahiz eta lehen zatiko azken minutuetan Jessica Gomezek entsegua egin zuen, Saizek hirugarrenez eraldatu zuena, eta 21-15ekoa jarri zuten atsedenaldira joateko.
Bigarren zatian, parekatuago egon ziren bi taldeak, nahiz eta berriz ere mugakoak izan ziren puntuak batzen lehenak. Gastonek egin zuen entsegua, Saizek eraldatu zuena, eta 18-15ekoa ezarri zuen. Hurrengo minutuetan, hartu-emanean aritu ziren bi taldeak eta hurbilago egon ziren markagailuan. Azken kolpea eman zuen Biok Txingudik bertze entsegu eraldatu batekin, 35-20ko ipiniz. La Unicak erasora jo zuen orduan eta bisitarien indarrek ere behera egin zuten. Nafarrek bi entsegu eta eraldaketa bat lortu zuten orduan, tarteak murriztuz, 35-32koarekin. Hala ere, minuturik gabe gelditu ziren emaitza hau iraultzeko eta beraz, garaipena bidasotarrentzat izan zen.
Garaipen honekin, Biok Txingudik sailkapeneko laugarren postuan bukatu du denboraldia eta orain play-offeko finalerdia jokatu beharko du Durangoren kontra.
Zaisa Txingudik ez zuen aukerarik eduki iruindarren kontra
Denboraldiko azken neurketa jokatu zuten Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek Iruñean, La Unicaren kontra. Erronka zaila zen, aurkaria indartsua dela erakutsi baitu denboraldi guztian zehar. Horrez gain, Zaisa Txingudik ordezko jokalaririk gabe bidaiatu zuen Iruñeara.
Etxekoak hasi ziren nabarmentzen lehen minutuesatik eta 14-0ekoa ezarri zuten lehen jokaldietan. Mugakoak ongi aritu ziren defentsan eta nafarren zenbait eraso gelditu zituzten, baina beraiek ezin izan zituzten puntuak gehitu markagailura. Hodei Guerreroren lesioak baldintzatu zuen euren jokoa partiduan zehar eta hori ongi aprobetxatu zuten etxekoek, 28-0ekoa paratzeko.
BIgarren zatian, La Unicak oraindik ere intentsitate handiagoarekin jokatu zuen eta bat gehiago izateak ere lagundu zien. Bidasotarren indarrek behera egin zuten eta horrek emaitza 47-0ekoa izatea ahalbidetu zion aurkariari. Hori guti balitz, Odin Gutierrezek kolpe bat jaso zuen aurpegian eta beraz, hamahiru jokalarirekin jokatzea egokitu zitzaion Zaisa Txingudiri. Azken minutuetan La Unicak bi entsegu eraldatu egin zituen eta 61-0eko behin-betiko emaitza lortu zuen.
Azken emaitza honekin, Zaisa Txingudik sailkapeneko seigarren postuan bukatu du denboraldia, 22 punturekin eta 5 garaipenekin.
16 urtez azpiko Txingudi/Baztanek Bilbon irabazi zuen
16 urtez azpiko Txingudi/Baztanek Uni Bilbo Bren kontra irabazi zuen, pasa den larunbatean, 19-86ko markagailua zabalarekin. Hasieratik eduki zuten partidua kontrolpean bidasotarrek eta etxekoei hamalau entsegu egitera ailegatu ziren. Mugakoen hamabostekoa hau izan zen: Justin Duarte, Adrian Muñoz, Thiago Quimey, Beñat Bereau, Jonathan Guerrero, Unax Lopez, Oier Oliveira (kapitaina), Ibai Senar, Urtzi Arrieta, Asier Artal, Mattin Petrikorena, Juan David Maya, Joaquín Mijichich, Ekaitz Sanchez eta Alan Rodriguez.