TXINGUDI RUGBY KLUBA-QUIMICAS JAI GIROAN
Zaisa Txingudi Rugby Klubak atsedena zuela baliatu zuen larunbatean Madrilgo Unibertsitateko Quimicas taldearen aurka lagunarteko bat jokatzeko
Txapelketako tentsioa alde batera uzteko lagunartekoa izan zen larunbatekoa. Iñaki Lekuona eta Ivan Tizon entrenatzaileek ohiko jokalariei atsedena ematea adostu zuten eta minutu gutxien batzen duten jokalariei jokatzeko aukera izan zuten.
Neurketa osoa oso giro onean igaro zen eta Zaisa Txingudi Rugby Taldeak garaipena eskuratu zuen. Ordea, partidu honen helburua emaitzaz haratago zegoen, talde madrildarrarekin elkarlana areagotzea zen benetako jomuga. Errugbiak ohikoa duen hirugarren zatia ospatu zuten Txingudi Rugby Klubaren elkartean, eta bertan argi geratu zen bidasoako taldeak eta Quimicas talde madrildarrak elkarlanerako prest zeudela.
Txapelketari dagokionez, Zaisa Txingudi Rugby Kluba larunbatea Sarako Izarraren aurka jokatuko duen norgehiagokan zentratuta aurkitzen da jada. Etxetik kanpo jokatuko dute larunbatean eta igoera lortzea oso zaila duten arren, aukerak gelditzen diren bitartean ez dute amore emango. Horrela, Lapurdira lehen itzulian bi aldiz ihes egin dien garaipenaren bila joango dira.