TXINGUDI KORRIKA LASTERKETAREN EDIZIO BERRI BAT ANTOLATU DUTE

2022/09/14
TXINGUDI KORRIKA LASTERKETAREN EDIZIO BERRI BAT ANTOLATU DUTE

Urriaren lehenean ospatuko dute lasterketa honen 23. edizioa

Hendaiako Udaletxean egin zen atzo Txingudi Korrikaren 23. edizioaren aurkezpena. Urriaren 1ean ospatuko da Txingudiko Badiaren inguruan dauden hiru hiriak (Hendaia, Hondarribia eta Irun) zeharkatzen dituen lasterketa. Aurkezpenean bertan izan ziren Jean-Michel Arruabarrena, Kalixa Silanes eta Borja Olazabal, Hendaia, Hondarribia eta Irungo udaleko ordezkariak, Iñigo Eseverri BATeko ordezkaria, Mikel Calbete Urpeko ordezkaria, Pilar Fuertes mugaz gaindiko patzuergoaren ordezkaria eta Ane Zabala Salto Systems probako babeslea den enpresaren ordezkaria.

Txingudi Korrikak berritasun gutxi izanen dituela aipatu zuen Iñigo Eseverri Bidasoa Atletiko Taldeko lehendakariak. Beste urteetan egindako ibilbide bera izanen du lasterketak. Urpean elkarteko egoitzatik aterako da eta Hendaia zeharkatu ondoren, Irunera iritsiko da Donejakue zubitik. Kolon Pasealekutik, Hondarribia Kalea pasatu eta Hondarribia ere zeharkatuko dute partehartzaileek, atletismo pistan bukatzeko. Berritasun nagusiena berriz, aurten lasterketa Espainiako Atletismo Federazioak homologatzen duela da. Anoa-gunea, betiko moduan, bostgarren kilometroan egonen da kokatuta, baita helmugan ere.

Izen-ematea dagoeneko irekita dago eta kirolprobak.com webgunean egin daiteke, baita BATeko bulegoetan ere. Inskribapenak 15 euroko kostua izanen du, aurretik eginda, eta egunean bertan egiten bada, 20 euro ordaindu beharko dira. Eseverrik jakinarazi zuenez, jada “350 partehartzaile ditugu izena emanda, eta espero dugu 500 partehartzailetik gora edukitzea”.

Lasterketa urriaren lehenean ospatuko da, 16:30etatik aitzinera. Hala ere, dortsalak aurreko egunean bildu beharko dira Mendibilen, 18:00etatik 21:00etara, horretarako prestatuko duten gunean. Bertan, aurtengoa edizioko kamiseta, lasterkariaren poltsa eta dortsala emanen dira.

Sarien inguruan ere mintzatu zen Eseverri eta lehen bost lasterkariek saria izanen dutela argitu zuten, bai gizonezkoetan baita emakumezkoetan ere. Gainera, lehen postuan helmugaratzen diren hiru hirietako gizon eta emakumeek ere saria izanen dute. Aurten, berrikuntza moduan, errekorra lortzen duen lasterkariak ere 100 euroko saria jasoko duela aipatu zuen BATeko lehendakariak.

Lasterketaren egun berean, baina aitzinetik, gurpildun aulkian eta handbiken parte hartzen duten lasterkarien txanda izanen da. Proba hauetan helmugaratzen diren lehen hiru partehartzaileek ere sariak izanen dituzte, bai gizonetan eta baita emakumeetan ere. Gainera, denek izanen dute aukera irteerara eta helmugara itsasontzian iristeko. Pandemiaren ondoren berreskuratu ahal izan duten zerbitzua da hau eta partehartzaile guztientzat egonen da irekita.

Txikienentzat lasterketa

Urriaren 1ean, goizean zehar, txikienek ere izanen dute lasterketan parte hartzeko aukera. Laboral Kutxak lagunduta, Stadium Galeko inguruetan, hainbat lasterketa ospatuko dira maila desberdinetara egokituak egonen direnak. Hemen ere izena eman beharko da, kirolprobak.com webgunean, baina inskripzioak doan izanen dira.