TXINGUDI ERRUGBI KLUBEKO EMAKUMEAK MUNGIAN ARITUKO DIRA
Seniorrak Gaztedi B bisitatuko dute eta 14 urtez azpiko taldeak Hernanin jokatuko du asteburuko jardunaldia
Txingudi Errugbi Klubeko emakume taldeak denboraldiko bigarren hitzordua izanen du asteburu honetan. Iruñeako La Unica taldearen kontra lehiatu ondotik, sentsazio onekin eta kide berriekin, Mungian ekinen diote hurrengo erronkari. Seniorrak ere kanpoan arituko dira oraingoan, Gaztedi B taldearen kontra, eta 14 urtez azpikoak berriz, Hernanin.
Larunbatean, martxoaren 4ean, Txingudi Errugbi Klubeko emakumeak Mungian izanen dira, denboraldiko bigarren lagunartekoa jokatzeko. Bertako Atxurizubi zelaian izanen dute hitzordua bidasotarrek, 12:30ean. Maider Aizpuruak eta Asun Gamindezek zuzentzen duten taldea hogei bat jokalarirekin joanen da Bizkaiara. Denboraldi honetan aitzinera eraman duten proiektu hau sendotu dela erakutsi dute eta, lehen lagunartekoaren ondotik, jokalari gehiago gehitu ahal izan dituzte taldera.
Bertzalde, klubeko seniorrak Gasteizera joan beharko dira larunbatean ere, Gaztedi B taldearen kontra jokatzera, 16:00etan. Arabarrak Zaisa Txingudiren aurkari zuzenak dira, izan ere, sailkapenean bidasotarren gibelean daude, hirugarren postuan, sei puntuko aldearekin. Mugakoek irabaziko balute, eta bonus puntu bat lortuko balute, sailkapeneko bigarren postua ziurtatuko lukete matematikoki. Horretarako, Txingudik garaipena eskuratu eta lau entsegu lortu beharko ditu. Iñigo Camarerok azpimarratu du “erronka zaila” dutela Gasteizen, “baina ez ezinezkoa. Joaneko partiduan 27-19 irabazi genuen, baina dezente kosta zitzaigun. 50. minutuan, atzean gindoazen eta azkeneko minutuetan burua hotz mantentzeak egoera iraultzen lagundu zigun”.
Azkenik, 14 urtez azpiko taldeak ere partidua jokatuko du martxoaren 4ean, Hernani B/Atletico San Sebastian-en kontra. Hernaniko Landare zelaian ospatuko da neurketa, 15:00etan. Gazteek ere, irabaziz gero, sailkapeneko goiko postuengatik borrokan jarraituko dute. Honez gain, errugbi eskolako txikiak Arrasaten arituko dira bertako taldearen eta Zarautz, Beltzak, Bera Bera B eta Riojaren kontra (10:30).
Beteranoen omenezko eguna
Asteburuan jokatuko diren partiduez gain, Txingudi Errugbi Klubak bertze ospakizun batzuk ere eginen ditu martxoaren 4ean. Hain zuzen ere, klubeko beteranoen omenezko eguna ospatuko dute larunbatean eta dagoeneko egitaraua prest dute. 11:00etatik aitzinera, tokata jokatuko dute Plaiaundin, ohiko hirugarren denborarekin bukatuko dutena. Eguerdian berriz, bazkaria ospatuko dute Gabiria jatetxean eta otorduaren ondotik, bestari Txingudi Rugby Tabernan emanen diote bukaera.
(Argazkia: La Unica)