TXINGORDIK IRABAZI DU FAT RUGBY TXAPELKETA
Monzonen jokatu zen txapelketa, Quebratahuesos RC taldeak antolatuta, eta Txingudi Rugby Klubeko taldeak irabazi zuen
Pasa den asteburuan, Txingudi Rugby Klubeko Txingordi taldea Monzonen (Huesca) izan zen bertako Quebrantahuesos RC taldeak antolatzen duen Fat Rugby Txapelketan parte hartzen. Bidasotarren aurrelariek osatzen duten taldeak lehiaketa bikaina egin ondoren, jokatutako partida guztiak irabazi eta txapeldun bilakatu zen.
Denboraldi ofiziala amaituta, Txingudi Rugby Klubeko jokalariek udako lehiaketei hasiera eman diote, Fat Rugby Txapelketarekin. 2016. urtetik ospatzen dute Monzonen lehiaketa hau, Quebrantahuesos RC-k antolatuta. Bertako ezinbesteko baldintza, jokalariek gutxienez 90 kg pisatzea da, gizonezkoen kasuan, eta 68 kg emakumeen kasuan. Horrela, Zaisa Txingudiko aurrelariak parte hartu zuten txapelketan, Txingordi taldea osatuz.
Txingordi taldeak kanporaketetako eta finalerdiko partida guztiak irabazita, finalera iritsi zen, eta bertan ere, Zarauzko Pottolak taldea menderatu eta aurtengo Fat Rugby lehiaketako edizioko txapeldun bilakatu zen. Emakumeetan ere Txingudiko ordezkaritza egon zen Monzonen. Hain zuzen ere, Lea Etxebarrietak eta Ainara Gerrikok Eibarko eta Bera Berako taldeekin parte hartu zuten txapelketan, hurrenez hurren.