Txapelketako azken hitzordua izango du Uranzu zaharrak

2017/02/16

Elezkano II/Zabaleta-Victor/Albisu neurketa hartuko du Irungo pilotalekuak

Irungo Uranzu frontoiarekin hitzordua du goi mailako pilotak. Eskuz Binakako Txapelketako norgehiagoka hartuko du Alde Zaharreko frontoiak, otsailaren 17an. Birmoldatzearen aurreko azkena izango da, udaran hasiko baitira lanak. 20:30etan hasiko da pilota jaialdia, Promozio Txapelketako lehiarekin. Ondoren, Elezkano II eta Zabaleta, Victorren eta Albisuren aurka ariko dira. Kurpil Kirolak elkarteak eta Asegarce pilota enpresak antolatu dute jaialdia, Irungo Udalaren babesarekin. EITBk eskainiko du jaialdia, zuzenean.

Aurtengo kartela ez da aurreko batzuetakoa bezain erakargarria. Aurrelariek izaten dute oihartzun gehien, eta oraingoan Uranzun ariko direnak ez dira, orain arte, bakarkako txapelak janzteko lehian ibili. Haien maila erakutsi dute, dena den, aurtengo denboraldian. Danel Elezkano bizkaitarrak oso neurketa onak egin ditu Eskuz Binakako Txapelketan zehar. Bizkaiko pilotazaleen itxaropen handienetako bat da Zaratamoko aurrelaria. Victor Esteban errioxarra Iñaki Altuna gipuzkoarraren ordez ari da. Alegitarra min hartuta dabil, abenduan lepauztaian hartu zuen kolpe baten ondorioz.

 

Lehia bizia espero daiteke”

Juanjo Aldako, Kurpil elkarteko presidentea

Aurtengo karteleko buruak, ordea, atzelariak dira. Gaur egun pilota munduan dauden atzelari jotzaileenetakoak dira José Javier Zabaleta nafarra eta Jon Ander Albisu gipuzkoarra. Haien arteko lehia, beraz, ikusgarria izan daiteke. Ligaxkako sailkapen orokorrean, Victor-Albisu bikotea hirugarren tokian dago, sei punturekin. Elezkano eta Zabaleta dituzte atzetik, laugarren postuan, bost punturekin. “Bi bikoteak sailkapenaren goialdean daude. Beraz, lehia bizia espero daiteke”, azpimarratu du Juanjo Aldako Kurpil Kirolak elkarteko presidenteak.

Eskuz Binakako Txapelketakoen aurretik, Promozio Txapelketako pilotariak ariko dira: Dario/Jaunarena-Errandonea/Martija. Jaialdia 20:30etan hasiko da. “Oarsoaldetik eta Bortzirietatik jende asko hurbiltzen da. Haientzat, ordu egokia da”, azaldu du Aldakok. Inguruko eskualdeetatik gerturatzen den jendearekin eskertuta dago Aldako. Irungo pilotazaleekin batera, frontoia betetzen dutelako: “Gu frontoi askotan ibiltzen gara, eta ikusten dugu zenbat jende biltzen duten. Bilbora eta Iruñera jendea joaten da, baina kontuan hartu behar da pilotaleku horietara bikote onenak eramaten dituztela. Eibarko Astelenan, adibidez, jende gutxi egoten da gaur egun”.

Peña kalean dagoen Kurpil elkartean eros daitezke Irungo jaialdirako sarrerak, neurketaren aurreko egunetan, 19:00etatik 20:30etara. Otsailaren 17an, 18:00etan irekiko dituzte Uranzuko lehiatilak. 30 euroren truke salduko dituzte kantxako aulkietako sarrerak, 25 euroan alboko harmailakoak, eta 25ean errebotekoak.

Uranzuren ezaugarriak eta etorkizuna

Irunen gutxitan jokatzen dute pilotariek. Ondorioz, ohitura falta nabaritzen dute. “Frontoi ona izanagatik ere, exijentea da. Zaila izaten da partidak nolakoak izango diren aurreikustea”, adierazi zuen iaz Abel Barriola atzelari beteranoak. Frontoi hotza dela ere izaten da pilotari askoren kexa. Dena den, frontoiak dituen eragozpenek, pilotariei baino gehiago, ikusleei eragiten dietela uste du Aldakok. Aurten berogailua egongo dela azpimarratu nahi izan du Kurpileko presidenteak.

“Frontisa eta egitura mantenduko dira, baina gainerakoan, berrikuntza handiak egongo dira”

Pedro Alegre, kirol arloko ordezkaria

 Nolanahi ere, eragozpen horiek irtenbidea edukiko dute laster. Uranzu pilotalekuaren birmoldatze proiektua prest dago jada, eta Pedro Alegre udaleko kirol arloko ordezkariak aurreikusi du uztailean edo irailean hasiko direla lanean. Uztailaren leheneko pilota jaialdia, beraz, ez dago kolokan. 2018ko bi jaialdiak, aldiz, bertan behera geldituko dira. “Urte bete baino gehiago iraungo dute lanek”, argudiatu du Alegrek. Zenbait xehetasun ere eman ditu: “Sarrera Sarjia parkean egongo da. Frontisa eta egitura mantenduko dira, baina gainerakoan, berrikuntza handiak egongo dira”. Juanjo Aldako Kurpil elkarteko presidenteak onartu du “pozik” dagoela proiektuarekin: “Guretzat, garrantzitsuena zen frontoia ez lekualdatzea”.

 

Garai txarra pilota eskolarentzat

Lauzpabost gaztetxo besterik ez dabiltza, gaur egun, Kurpil elkartean esku pilotan. Gehiago dira palan eta trinketean aritzen direnak. Baina orokorrean, beheraldian dago pilota eskola. “Lehiaketei dagokien arautegiak min handia egin digu”, salatu du Juanjo Aldakok. 23 urtez, Joxe Lopetegi Memoriala antolatu zuen Kurpil elkarteak, alebinetatik jubeniletara arteko kategoria guztiekin. 14 urtetik beherakoei lehiatzea galarazi zietenean, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten. “Gure mutilekin Nafarroan lehiatzera joaten ibili ginen, baina hori ere debekatu ziguten”, azaldu du Aldakok.

Beste traba bat ere azpimarratu du Kurpileko presidenteak. Duela hamar urte Uranzu pilotalekuko teilatua aldatu zutenean, urte betez ibili ziren alde batetik bestera. Uste baino gehiago luzatu ziren lanak, eta kalte handia eragin zuten klubean: “Gaztetxoak nazkatu egin ziren, eta beste klubetara joan ziren”. Pilotalekuaren birmoldaketaren zain dago Aldako, azpiegitura moderno eta egoki bat edukitzea, gaztetxoak erakartzeko modua izan daitekeelako.

Dena den, aspaldikoak dira pilota eskolak haurrak eta gazteak erakartzeko dituen arazoak. Irunen futbolak indar handia duela nabarmendu du Aldakok: “Iñaki Berruet bera gogoratzen dut. Pilotari bikaina zen gaztetan, baina futbola aukeratu zuen azkenean”. Behobiako eskolako irakasle baten eragina aipatu du Aldakok, Berrueten kasuan. “Irakasle pilotazaleak egon izan direnean, ikastetxeetan lehiaketak antolatu dituztenean, pilotariak atera dira”, adierazi du Kurpileko presidenteak. Gaur egun ere, ikastetxeetako irakasleekin eta gurasoekin biltzen direla azpimarratu du. Hala ere, ez dute neska-mutilak erakartzeko moduarekin asmatzen.