Txapelketa guztiak irabazi ditu Hondarribiak
Iazko emaitza historikoak hobetzen ari da Hondarribia Arraun Elkartea 2016ko arraun sasoian. San Miguel Ligan lider izateaz gainera, txapelketen garaia borobildu egin du, Espainiakoa eskuratuta. Lehenago, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa ere irabazi ditu. Espainiakoa Castro-Urdialeseko estropada eremua izan da, eta sei arraun elkarte aritu dira bakarrik. Galiziarrek parte hartzeari uko egin diote berriro, saririk banatzen ez delako, eta bidaiatzeko diru-laguntzarik jasotzen ez dutelako.
Larunbateko sailkatze estropadan, Hondarribia ez zen fin ibili, eta lehiatik kanpo gelditzetik hurbil izan zen. Igandean, ordea, mailarik onena berreskuratu du Ama Guadalupekoak. Eskifaiaren erdia aldatu du Mikel Orbañanos entrenatzaileak. Hirugarren kaletik, Joseba Amunarrizek gidatutako ontziak olatuak harrapatu ditu behin ere berriro. Lehenengo ziabogan segundo eta erdiko abantaila besterik ez zuen Urdaibaiko Bou Bizkaiarekiko. Bigarrenean, ordea, hamarrekoa zen aldea. 19:27ko denborarekin, eremuko errekorra ere gertu izan du Hondarribiak. Ia hemezortzi segundo gehiago behar izan ditu azkenean Urdaibaik. Kaiku izan da hirugarren, eta Zierbena laugarren.