TXAPELKETA ESTATALEAN HIRU DOMINA ESKURATU DITU LEKAENEAK
Superdibisioko taldeek atsedena izan zuten, baina klubeko gazteenek denboraldiko zita garrantzitsuenetako bat zuten Valladoliden ospatzen zen txapelketa Estatalean, eta hiru dominarekin bueltatu dira Irunera
Zonaldeko Txapelketaren eta sailkatze fasearen ostean, Lekaenea Mahi Tenis Klubeko 15 palistek Estatuko Txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuten, Espainiako palista onenekin lehiatzea ahalbidetzen duena alegia. Maila guztietan ordezkariak izan zituen Lekaeneak: Alebinetan, Maitane Zuazua eta Beñat Garcia; infantiletan, Irati Otamendi, June Garcia eta Aimar Chamorro; jubeniletan, Sara Martinez, Elene Sagardia, Hodei Mancha eta Mikel Angulo, eta 23 urtez azpikoetan, Belen Calvo, Dani Palacios, Jon Ander Gerrikabeitia eta Jose Ignacio Vidaurre.
Oso positiboa izan zen bidaia Lekaeneako klubarentzat, batetik, harrobiarekin egindako lanak sariak jasotzen hasi delako, eta bestetik, palistek erakutsitako maila altua izan zelako; izan ere, Valladolidera bidaiatuko zutenen %60ak multzoen fasea gainditu zuten.
Zortzi jokalarik multzoen fasea gainditu zuten bai, baina zazpik maila bakoitzeko 16 onenen arteko sailkapenean murgildu ziren eta horietatik lauk final laurdenetara iritsi ziren. Horrela, Dani Palaciosek eta Jon Ander Gerrikabeitiak hurrenez hurren zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zituzte 23 urtez azpikoen mailan, eta Elene Sagardiak Jubeniletan brontzezkoa ere lortu zuen.
Dominez gain, beste emaitza esanguratsu asko lortu zituzten palista gazteek. Hala nola, infantiletan June Garcia eta Aimar Chamorro Espainiako zortzi onenen artean sailkatu ziren; Belen Calvo (23 urte azpikoetan) eta Ane Ribera (jubeniletan) final zortzirenetara iritsi ziren; eta zorte bera izan zuten Hodei Mancha eta Mikel Angulo jubenilek.
Emaitza ikusgarri hauekin, Lekaenea taldeko ordezkari eta mahai tenislariak ahoetan irrifar handi batekin bueltatu ziren, argi eta garbi utziz harrobiarekin egiten ari den lana aparta izaten ari dela eta lan horren fruituak jasotzen ari direla.