TXAPELDUNORDEAK EUSKO LABEL LIGAN

2020/09/20
TXAPELDUNORDEAK EUSKO LABEL LIGAN

Santurtzik irabazi du Eusko Label Liga Bermeon garaitu eta Portugaleten zuten hiru puntuko aldea mantendu ostean. Hondarribiak Bermeon bigarren eta Portugaleten zazpigarren postuan bukatuta, ligako bigarrenak izan dira.

Bermeoko estropada oso lehiatua izan zen. Hondarribiak zein Santurtzik argi zuten lehen estropada garaitzen zuenak Eusko Label Liga irabazteko aukera gehiago izango zituela eta biak hasieratik estropada hautsi zuten. Bien arteko lehia izan zen, Bermeok eta Oriok ezin izan zuten sailkapeneko lehen biek ezarritako erritmoa jarraitu. Hondarribiak sekulako estropada egin zuen, metro gehienetan Santurtziren aurretik izan ziren, baina azkeneko luzean Santurtzi azkarrago ibili zen eta bi segunduko aldearen Bermeoko bandera eta 12 puntuak erdietsi zituzten. Gauzak horrela, Eusko Label Ligako azken jardunaldira 3 puntuko abantailarekin iritsi ziren bizkaitarrak, baina puntuak berdintzekotan, urteko bandera kopurua kontutan hartuz, Hondarribiak eskuratuko luke Eusko Label Ligako Koroa. Baina, ez zen horrelakorik gertatu.

Portugaleteko estropadan Eusko Label Liga erabakiko zen, baina azken asteetan ez bezala, Hondarribia Arraun Elkarteak ezin izan zuen bere nahia bete. Bermeon antzera, Portugaleteko ohorezko txanda oso berdindua izan zen. Lehen txandan, Zierbenak izan zen lehena eta Portugaleteko korronte aldaketak medio, ohorezko txanden denbora hobetzeko aukerak izan zituzten, baina azkenean bigarren postuan bukatu zuten. Hainbat traineru faboritoen artean sartzeko aukerak zeuden, baina Santurtzik, sendo, ohorezko txanda garaitu, El Corte Ingles bandera irabazi eta Eusko Label Ligako koroa, lehen aldiz euren historian, eskuratu zuten. Hondarribia txandako laugarrena izan zen Urdaibai eta Orioren atzetik, eta beraz, sailkapen nagusian bigarren bukatu dute. Estropadan, aldiz, hainbat traineru sartu ziren Hondarribia eta Santurtziren artean, Hondarribitarrak eguneko zazpigarrenak bukatu zuten, baina Donostiarraren penalizazioa medio, bostgarrenak izan ziren

Orbañanosenek azken estropadara arte Eusko Label Liga irabazteko aukera izan dute, denboraldi hasieran, A Coruñako bigarren jardunaldian azken postuan bukatu eta gero ezinezkoa zirudiena, gutxigatik ezin izan dute gauzatu. Hala ere, sekulako denboraldia gauzatu dute, Zarauzko Bandera eta Kontxako Bandera preziatuak irabazita bukatu dute 2020 urtea.

DENBORAK

1- Santurtzi 19:15.78

2- Zierbena +10

3- Bermeo +13

4- Orio +15

5- Hondarribia +18

6- Donostiarra +24

7- Lekittarra +39

8- Cabo +44

Playoffari dagokionez, asteburua oso estu joan da, baina azkenean Zarautzek eta Tiranek lortu dituzte Eusko Label Ligan aritzeko bi txartelak. Galizaiarrak bi urteren ondoren, onen artean lehiatuko dira berriro ere. Bermeoko uretan azkarrenak izan ziren eta Portugaleten hirugarrenak izanda, playoffetako bigarren postuan bukatu zuten. Zarautzek, aldiz, Bermeon hirugarren postuan bukatu zuen, baina Portugaleten eguneko azkarrenak izan ziren eta lehen postuan amaitu zuten asteburua.