TXAPELDUNORDE IZATEKO ASTEBETE ITXARON BEHARKO DU BIDASOAK

2021/05/22
TXAPELDUNORDE IZATEKO ASTEBETE ITXARON BEHARKO DU BIDASOAK
Incarlopsa Cuenca 21
17 C.D. Bidasoa

Datorren asteko hitzordua erabakigarria baino gehiago izango da. Gaur galdu eta gero, Bidasoak Frakin Granollers garaitu beharko du Sacyr Asobal Ligako bigarren postua eskuratzeko. Incarlopsa Cuencak 21-17 mendean hartu du Bidasoa.

Indarrak iraun dioten arte borrokatu Bidasoak El Sargalen. Indarrak justuak ditu talde irundarrak eta Jon Azkueren bajak ez du lagundu. Sergio de la Saludek jokatzera behartuta ikusi de bere burua eta bigarren zatian Bidasoak ezin izan du Incarlopsa Cuencaren erritmoa jarraitu. Incarlopsa Cuencako Moscariellok, Macielek, Perez de Inestrosak eta Vansteinek agur beroa bezain zoriontsua izan dute. Etxekoen zalegoak El Sargalen %75 edukiera bete du aurtengo denbroaldian bere taldea agurtzeko eta neurketan eragin handia izan du.

Aspaldiko neurketen antzera.

Defentsa eta atepeko lana protagonistak izan diran lehen 30 minutuetan. Lehen zatian zehar, bi taldeek 19 gol egin dituzte, gaur egun, ohikoak ez diren zenbakiak. Edonola ere, Bidasoak ez du eroso ekin neurketa. Bi baloi galdu ditu erasoan eta Leo Macielek Dan Racotearen lehen jaurtiketa geratu du; zorionez, Incarlopsa Cuenca ez da finago ibili.

Lehen bost minutuetan, 1-1koa adierazten zuen markagailuak, soilik Iñaki Cavero gai izan da Leo Macielen atea urratzeko. Jarraian, 0-3 partziala ezarri dio talde irundarrak Incarlopsa Cuencari eta 2-4 aurretik jarri da. Lau gol horietatik, hiru Caverorenak izan dira. Sekulako bigarren itzulia gauzatzen ari da jokalari irundarra, gaur, lehen zatian, bost saiakeretatik bost gol erdietsi ditu.

2-5era ere handitu du aldea Bidasoak eta bost minutu igaro ostean, Moscariellok 3-5ekoa egin du. Neurketako lehen laurdenean, Bidasoa bikain aritu da defentsan, Cuencak zailtasun handiak izan ditu erasoak gauzatzeko eta Lidio Jimenezek, Incarlopsa Cuencako entrenatzaileak, hutsartea eskatu behar izan du. Bueltan, etxeko taldeak markagailua irauli du. 0-3ko partziala ezarri dio Incarlopsa Cuencak Bidasoari; Moscariello, Ponciano eta Bulzamini izan dira golegileak (5-6). Defentsetaz gain, bi taldeen atepeko lana ere zoragarria izan da lehen zatian zehar. Leo Macielek zein Jose Manuel Sierrak geldiketa andana egin dituzte (Sierrak 6 eta Macielek 5), lehen zatian hain gol gutxi ikustearen arrazoietako bat izan da.

Jacobo Cuetarak eskatutako hutsartearen ondoren, Iñaki Caverok berdindu du markagailua (6-6) eta bost minuturen ondoren, markagailuak berdinketarekin jarraitu du (7-7, 25.minutuan). Azkeneko minutuak bi piboterekin jokatu ditu Bidasoak eta eragin positiboa izan du. Rodrigo Salinasen eta Iñaki Caveroren azken orduko golek atsedenaldira gol bat aurretik joatea baimendu dute Bidasoa. Bulzaminik azken unean gola egin du eta 9-10 bukatu dira lehen 30 minutuak.

Macielek kondenatu du Bidasoa. 

Ondo hasi du Bidasoak lehen zatia. Sierrak taldearen morala igotzeko bi geldiketa bikain egin ditu, baina Incarlopsa Cuenca ez da kikildu eta presioa eragiten jarraitu du (11-12, 35.minutuan). Gol trukea nagusitu da bigarren zatiko lehen minutuetan eta egoera horretan talde irundarra hobeto aritu da. Mikel Zabalak, Iñaki Caverok eta Sergio de la Saludek 12-15 aurretik jarri dute Bidasoa.

13-16koarekin, Bidasoak lau goleko aldea lortzeko erasoa izan du, ez du gola egiteko aukerarik izan, Macielek bost geldiketa jarraian egin ditu eta Poncianok eta Doldanek birritan, 17-16 aurreratu dituzte etxekoak. 0-5 partziala lortu du Incarlopsa Cuencak eta Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu du (18-16). Zazpi minutu Bidasoak golik egin gabe egon ostean, Rodrgio Salinasek suspertu du Bidasoa (18-17). Hori izan da Bidasoaren gaurko azkeneko gola.

Maciel bi puntuak El Sargalen geratzeko tematuta zegoen. Bigarren zati zoragarria egin du (7 geldiketa), Bidasoak arazoak baino gehaigo izan ditu golak egiteko eta Incarlopsa Cuencak ez du barkatu. Partiduko azken minutuetan, hiru goleko abantaila lortu du etxeko taldeak (20-17), Sierra saiatu da ezinezkoa egikaritzen, baina beranduegi zen. Ponciano brasildarrak 21.gola gauzatu du Cuencarentzat eta 21-17koarekin neurketa amaierara iritsi da. Galdu arren, Bidasoak lan gogotik egin duela aitortu beharra dago, gol asko egiten dituen talde baten aurrean 21 gol soilik jaso ditu.

Sei jardunaldi jarraian bi puntu batu ostean, gaurko egunean Incarlopsa Cuencak gelditu du Bidasoaren bolada bikaina. Bada, Sacyr Asobal Ligako txapeldunordetza datorren asteburuan Artalekun erabakiko da; Bidasoaren eta Frakin Granollersen arteko lehian garaipena erdiesten duenak bukatuko du bigarren aurtengo denboraldia. Lehia sutsua izango da bi taldeek igandean, 16:30ean, jokatuko dutena.

Fitxa teknikoa:

21 - Incarlopsa Cuenca (9+12): Maciel, Simonet (4), Vainstein (1), Moscariello (2), Ponciano (5), Moya (2, 1p.), Sergio López (1); Ibáñez, Doldán (2), Pérez, Martín, Hugo López, Fernández, Bulzamini (3), Pizarro (1), Taravilla.

17 - Bidasoa Irun (10+7): Sierra, Cavero (6, 1 p.), Racotea (3), Zabala (2), Aginagalde, Salinas (4), De la Salud (1); Ledo, Crowley, Serrano (1), Tesoriere, Da Silva, Nieto, Furundarena, Gey-Emparan, Bonanno.