Txapelaren bila joateko egurra emateko prest dauden emakumeak bilatzen ditu Emekik
2025/04/10
Maiatzaren 17, 24 eta 31n Jostaldin jokatuko dute Emeki elkarteak antolatutako Emakumeen X. Pala Txapelketa. Iaz Bidasoaldeko bikote asko bildu eta gero, izena emateko epea zabaldu berri dute dagoeneko. Apuntatzeko emekiemakumelkartea@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Iaz bik jantzi zuten txapela, Agurtzane Berastegi Aizpurua eta Loiola Zuazu Iñarra, baina denak atera ziren irabazten. Emeki emakumeen elkarteak, pala emakumeak ahalduntzeko kirola aproposa izan zitekeela sinestuta, 2019an martxan jarritako proiektuak bere fruituak eman ditu, eta Bidasoaldeko geroz eta emakume gehiago biltzen dira astero palan entrenatzeko.
Maiatzaren 17, 24 eta 31n Emakumeen X. Pala Txapelketa antolatuko dute, eta denbora epe labur batean klasiko bilakatu bada, 90. hamarkadan bilatu behar dira ekimen honen erroak. Izan ere, Emekiko kideek gogoratzen dutenez, 1995etik 1998ra hainbat txapelketa antolatu zituen emakume talde batek, baina boluntariorik ez zegoenez ez zuen jarraipenik izan. Pandemiaren aurretik hasi ziren erreleboa hartu nahian, eta 2019an herriko Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoa eskoletako neskek kirola egin zezaten, Emakumeen Pilota Elkartearekin lankidetzan 'Eman Pilotari' ekimena abiatu zuten. Gaur egun 6-13 urte arteko hogei bat neska-mutil elkartzen dira asteartero 17:00etan Jostaldin pala hastapenak egiteko ikastaroetan, eta ondoren helduek ere entrenatzen dute.
Aurreko urteetan txapelketa Soroetako frontoian jokatu ondoren, iaz Jostaldira jauzia eman eta balorazio baikorra egin dutenez, errepikatu egingo dute. Txapelketa ez da ofiziala, baina azken urteetan Emeki elkarteak bultzatutako proiektuak dinamika oso bat sortu du eskualdean, eta Emekik berak azaroaren 25 eta martxoaren 8aren bueltan, edota herriko jaietan antolatu ohi dituen Bixi-Bixi Pala Txapelketa saioetan bezala, urtero antolatzen duen hitzordu honek arrakasta bildu du. Herrikoak ez ezik, eskualde osoko emakumeak aktibatu eta martxan jarri dira palan jokatzeko. Irunen ere, Atxiki pilota eskola berrian ohartu dira, eta emakume talde bat astero elkartzen baita Uranzu frontoi txikian entrenatzera.
Lehia gutxienekoa bada ere, ez da faltako. Baina palada hotsen arteko sororitatea nagusi izango duen txapelketan parte hartzeko deia luzatu dute, maiatzaren 17, 24 eta 31n txapelaren bila Jostaldira egurra emateko prest joango diren emakume bikoteak bilatzen dituzte horretarako. Izena emateko emekiemakumelkartea@gmail.com helbidera idatzi behar da.