Txakurra heztea, kirol bilakatuta

2020/01/01
Txakurra heztea, kirol bilakatuta

XX. mendearen hasierako Alemanian dauka jatorria Schutzhund edo IPO (Internationale Prüfungs Ordnung) izeneko kirolak. Alemaniar artzain-txakurraren garapenari begira, entrenamendu probak diseinatu zituen orduan Max von Tephanitz aristokratak. Arrazaren ezaugarriak eta gaitasunak mantentzeko asmoz, probak gainditzeko gai ziren txakurrak hautatuko zituzten ugalketarako. Gaur egun kirol bilakatu dira proba horiek, eta mundu osoan zehar ditu jarraitzaileak. Baita Irunen ere. Pantxike Velaz da zaletasun horren adibide.
 

Espainiako txapeldunorde izan da Velaz IPO kirolean, Flash artzain-txakur belgikarrarekin. Otsailararen 6an, 7an eta 8an izan da txapelketa, Laguna de Dueron, Valladoliden. “Lau urteko lan gogorraren eta buruhausteen saria izan da”, adierazi du txakur-trebatzaileak. Hiru proba gainditu behar izan dituzte Velazek eta Flash-ek txapelketako podiumera igotzeko: Miaketa, Obedientzia eta Babesa. Miaketan, txakurraren usaimena baloratzen dute epaileek. Obedientzian, gidariarekin duen harremana. Eta Babesean, txakurraren oldarkortasuna, kontrolerako gaitasuna eta urduritasun maila. “Hiru probetako bakar batean huts egitea garesti ordaintzen da”, azaldu du Velazek.


Araudiaren zorroztasuna dela eta, arraza batzuetako txakurrek baino ez dute parte hartzen IPO lehiaketetan. Rottweilerrak, dobermanak eta boxerrak ikus daitezke, baina artzain txakur alemaniarrak eta belgikarrak dira gehienak. Pantxike Velazek uste du, gaur egun, belgikarra dagoela beste guztien gainetik: “Sen ikaragarria duten txakurrak dira, oso azkarrak. Lanerako eta esfortzurako gaitasun handia dute”. IPO lehiaketetan aritzen diren txakur asko polizien eta militarren eginkizunetarako erabiltzen dituzte geroago. Europa Iparraldeko eta Erdialdeko herrialdeetan errotuta dago Schutzhund kirola. Euskal Herrian, berriz, ia guztiz ezezaguna da. Irunen urteak daramatzate IPO probak prestatzen. Baina irla modukoa da, salbuespena.


Bi harmarkada txakurrekin lanean


Duela hogei urte hasi zen Pan-txike txakurrak trebatzen. Rottweiler bat zeukan, eta etxean zintzoa bazen ere, kalera irtetean bere onetik ateratzen zen askotan. “Konturatu nintzen, horrelako txakur bat edukitzekotan, behar bezala heztea beharrezkoa dela”, aipatu du Velazek. Artzain txakur alemaniarrak prestatu izan ditu, eta belgikarrekin dabil orain. Txakurra hezteko kontuan hartu beharrekoak azpimarratu ditu trebatzaileak: “Hasierako lotura lortzeko, txakurrarekin denbora asko pasatzea ezinbestekoa da, jolastea, paseatzea. Entrena-tzerakoan, errespetuz aritu beharra dago. Txakurra ezin da ezer egitera derrigortu”.


Meakako lursail batean entrenatzen du, Irungo beste lauzpabost trebatzailerekin batera. “Jokin eta Txetxu del Molinoren laguntza azpimarratu nahi nuke”, nabarmendu du trebatzaileak. Euskal Herrian IPOak duen tradizio eskasa eguraldiarekin eta orografiarekin lotu du Velazek: “Probak lursail zabaletan egiten dira, eta hemen oso zaila da soro lauak aurkitzea. Gainera, entrenamendu bakoitzaren ondoren txakurra garbitu behar izaten dugu, lokatzez beteta bukatzen duelako”. Kirol elkartea sortzeko bidean dira Irunen: “Nolabaiteko aitortza bilatzen dugu, diru laguntzak eskatu ahal izateko, adibidez”.

Zaila da IPO lehiaketetan inolako babesik gabe aurrera egitea. Munduko Txapelketarako sailkatzea lortu du Velazek. Baina Txekiar Errepublikan izango da eta ezin izango du bidaia ordaindu.