TRASONAN DOMINETATIK OSO GERTU GERATU ZEN SANTIAGOTARRAK

2021/06/01
TRASONAN DOMINETATIK OSO GERTU GERATU ZEN SANTIAGOTARRAK

(Argazkia: Juan Anatol)

Avileseko Trasona hirian jokatu zen kadeteen mailako 1000 metroko Kopan, talde irundarreko palistak hainbat domina lortzetik oso gertu geratu ziren.

23 urtez azpiko eta junior palisten ondotik, pasaden asteburuan kadeteen txanda heldu zen. Avileseko Trasona hirian modalitate guztietako (K1, K2 eta K4) 1000 metroko Espainiako Kopa egin eta bertan Santiagotarrak elkarteko hainbat kirolarik parte hartu zuten.

Aste mugitua izan zen Santiagotarrakentzat; izan ere, pasaden astean palistetako batek positibo eman zuen eta berarekin batera, zuzeneko kontaktuak zirelarik, beste bi taldekide euren etxeetan bakartu behar izan ziren. Gauzak horrela, taldeko hiruk ezin izan zuten Espainiako Kopa jokatu eta entrenatzaileek ontzietan aldaketak egitera ikusi zituzten euren buruak. “Astean zehar, zenbait talderen osasun arazoarengatik aldaketak egin behar izan genituen, ezin izan genuen txapelketa nahi bezain beste prestatu”, adierazi du Aitor Zabalak, Santiagotarrakeko entrenatzaileak.

Dena den, Santiagotarrakek, talde gisa, egin zuen lana ona izan zen: taldekako sailkapenean, Trasonara bertaratu ziren 70 taldetatik 6.postuan bukatu zuen jarduna. Zabalaren hitzetan, “izan dugun astea kontuan izanik, balorazioa positiboa da, oso”.

Dominei dagokienez, bakarra erdietsi zuen Santiagotarrakek. Emakumezkoen K2 modalitatean, Naroa Larrartek eta Malen Juaristik lortu zuten podiumeko hirugarren koskara igotzea. Gainontzeko taldekideak, emaitza hori errepikatzeko segundu gutxietara geratu ziren. Malen Juaristiren posizioa, K1 modalitatean, foto finishak erabaki zuen; kasu honetan, laugarren postuan helmugeratu zela azalerazi zuen. Postu berean, Ane Amostegik, Maite Gorrotxategik, Lorea Cabezonek eta Paula Severianok osatu zuten laukoteak bukatu zuten eta atzerago, seigarren postuan, baina dominetatik gertu, Ian Anatol eta Aimar Platero bikotea.