THOMAS TESORIEREK BIDASOA UTZI DU

2023/01/16
THOMAS TESORIEREK BIDASOA UTZI DU

Nahi baino lehenago iritsi da frantziarraren agurra, baina arrazoi pertsonalek eraman dute Bidasoa uzteko erabakia hartzera

Thomas Tesorierek Bidasoa utzi du. Horrela jakinarazi du gaur goizean jokalariak berak, Gurutz Aginagalde klubeko presidentearekin batera. Frantziako talde batean bi urte eta erdiz jokatzeko eskaintza jaso du eta klubarekin hitz egin ondoren, akordio batera iritsita, hara joateko erabakia hartu du.

“Ez naiz gehiago Bidasoako jokalaria izanen. Arrazoi pertsonalengatik hartu dut erabaki hau”. Horrela jakinarazi du Thomas Tesorierek, gaur goizeko prentsaurrekoan, Bidasoa utziko duela. “Nire etxe ondoko talde baten eskaintza jaso dut eta, nire etorkizunagatik, hau onartzea erabaki dut”, izan da jokalariaren azalpena. Berak erran duenez, “ez da nire ametsetako agurra, baina pozik nago klubarekin akordio batera iritsi naizelako. Hemendik joateak triste jartzen nau, baina pozik nago hemen lortu dudan guztiarekin. Lagun asko egin ditut eta beti izango naiz Bidasoa klubaren parte”.

Tesorierek bi urte eta erdiz Marsella ondoko talde batean jokatzeko eskaintza jaso du. Ekainean zen hara joatekoa, baina taldeak urtarriletik aitzinera eurekin hasteko konpromezua eskatu dio. Klubarekin hitz egin ondoren, Bidasoak jokalariaren erabakia onartu du. Gaurkoa ez da izan ez Tom-ek ez Bidasoak amesten zuten agurra, baina ezinbertzekoa izan da horrelako egitea. Jokalariak erran duenez, “ekainean agurtu nahi nituen zaleak Artaleku bete batean”. Gurutz Aginagaldek ere aipatu du “klubak ez zuen Tom gabe moldatu nahi, oso garrantzitsua baitzen taldearentzat”.

Hala ere, Aginagaldek azpimarratu du jokalariaren erabakia errespetatu nahi izan dutela eta bere nahia ulertzen dutela: “Bere egoera pertsonala ulertzen dugu. Hogei urteren ondoren, bi urte eta erdiz, bere etxe ondoko klub batera bueltatzeko eskaintza jaso du. Berarekin eta taldearekin hitz egin dugu eta akordio batera iritsi gara. Izan ere, berak kontratua zuen oraindik eta hori moldatu behar izan dugu”. Presidenteak “eskerrak” eman nahi izan dizkio jokalariari “orain dela lau urte egoera okerragoan zegoen talde batean egoteko apustua egin” zuelako eta “ezinbertzekoa izan delako taldeak lortu dituen garaipenetan”.

Bidasoak beraz, Thomas Tesoriere gabe hasiko du bigarren itzulia. Aginagalderen erranetan, “merkatua irekia” baldin badago ere, klubak ez du bertze inor fitxatzeko intetziorik. “Erdilari garrantzitsu bat badoa, baina badauzkagu bertze lau edo bortz jokalari ongi defendatzen ari direnak. Momentu honetan ez dugu inor berririk ekarriko eta dugun taldearekin arituko gara bigarren itzulian”, onartu du lehendakariak.