TEMENUZKHOVEK REAL UNIONEN JARRAITZEKO ESKAINTZA ONARTU DU

2021/06/27
TEMENUZKHOVEK REAL UNIONEN JARRAITZEKO ESKAINTZA ONARTU DU

Leeds Unitedeko aurrelari bulgariarrak lagapena berritu du Real Unionen

Real Unionen idazkaritza teknikoa lan handia egiten ari da denboraldi berriko taldea ahalik eta azkarren osatzeko. Talde txuri-beltzarekin akordioa hitzartuko duen hurrengo jokalaria Kun Temenuzkhov izango da. Pasa den urtean Leeds United taldetik utzita aritu zen, eta, badirudi, Real Unionek proposatutako lagapen eskaintza berria onartu duela. Azkenekoa denboraldi gora beheratsua izan da Temenuzkhovena, ondo hasi zuen, Leioaren aurka gola egiten, baina neurketak aurrera egin ahala, aurrelariaren errendimenduak behera egin zuen. Gauzak horrela, bere onena emateko bigarren aukera izango du Stadium Galen.

Ekhi Senar, Sergio Llamas eta Anatz Elizondoren lagapenak berritu eta Alain Oyarzun, Mikel Pradera, Aitor Seguin, Miguel Santos, Nacho Sanchez eta Erik Ruizen fitxaketen ostean, Kun Temenuzkhov taldera batuko dela gehitzen badiogu, jada 16 jokalariz osatutako taldea izango luke talde txuri-beltzak.

Jagoba Beobidek, Zourdine Thiorrek eta Quique Riverok ere Real Unionen jarraitzeko eskaintza mahai gainean izango lukete, itxaron beharko da klubean jarraituko duten ala ez jakiteko.