TEKNIFIKAZIO JARDUNALDI ARRAKASTATSUAK GALEN
Real Union Klubak antolatutako Teknifikazio Jardunaldietan 50 haurrek hartu zuten parte
Real Unionek, apirilaren 19tik 21era bitarte, Teknifikazio Jardunaldiak antolatu zituen 2008 eta 2012 urteen artean jaiotako haurrentzako. Galeko anexoan ospatu ziren saioak eta modu oso positiboan baloratu dituzte klub txuribeltzetik.
Aurreko asteko asteartetik ostegunera bitarte, Real Unionek Teknifikazio Jardunaldiak ospatu zituen Galen. Guztira, 10 eta 14 urte arteko 50 gaztetxok hartu zuten parte ekimenean eta Mikel Jauregi Real Unioneko harrobiaren koordinatzaile eta jardunaldi hauen arduradunak aipatu zuenez, “eguraldi txarra izan arren, erantzuna oso positiboa izan zen, eta beraz, oporraldiak dauden bakoitzean horrelako jardunaldiak antolatzen jarraitzeko ideia indartzen digu”. Saio berezi hauetan, futbolari gazteek banakako baloi-teknika, banakako eraso-teknika, gorputz-orientazioa, ikuspegi periferikoa, desmarkeak, amaierak eta atezainen entrenamendua landu zituzten.