TAO GEY-EMPARANEK BIDASOAN JARRAITUKO DU 2025ERA BITARTE

2023/01/31
TAO GEY-EMPARANEK BIDASOAN JARRAITUKO DU 2025ERA BITARTE

Azken denboraldietan urruñarrak minutu gehiago izan ditu lehen taldearekin eta, oraindik ere, bertze bi urtez jarraituko du Irunen

Bidasoa Klubak eta Tao Gey-Emparanek akordio bat sinatu berri dute eta, horren arabera, urruñarrak Bidasoa Irunen jarraituko du 2025eko ekainaren 30era bitarte. Azken denboraldietan, jokalariak protagonismo gehiago hartu du lehen taldean eta oraindik ere, minutu gehiago jokatzeko aukera izanen du.

2020/21 denboraldian debutatu zuen Tao Gey-Emparan Bidasoa Irunekin, Anglet Biarritz Olympique Handball taldetik Irunera etorri eta gero. Azken denboraldi hauetan 45 neurketa ofizial jokatu ditu guztira urruñarrak, 33 Plenitude ASOBAL Ligan (31 gol), 8 EHF European Leaguen (10 gol), bi Errege Kopan (6 gol) eta bi ASOBAL Plenitude Kopan (3 gol).

Jokalaria oso pozik azaldu da Bidasoarekin sinatu berri duen akordio honekin: “Oso pozik nago hemen jarraitzeagatik. Klubari eskerrak eman nahi dizkiot niregan duen konfidantzarengatik eta Artalekuz disfrutatzen ahalbidetzeagatik”. Lehen taldearekin entrenatzen hasi zenetik, Gey-Emparanek “gutxinaka minutu gehiago” jokatzen hasi zen eta berarentzat “plazer hutsa da Artaleku bete batean aritzea”. Denboraldiko bigarren zatira begira, “ahalik eta urrutien ailegatzea” izanen da jokalariaren helburua taldearekin.