“TALDE HONEK IKARAGARRI EBOLUZIONATU DU, IKARAGARRI LAN EGIN DUELAKO”

2021/04/30
(ARGAZKIA: Gio Batista)Real Unionera itzuli zenean, argi utzi zuen ez zuela talde irundarrean erretiroa hartzeko asmorik. Lehiatzeko, Real Unionen egoera hobetzeko eta, batik bat, talde irundarraren azken urteak ahazteko asmoarekin hasi zuen Gorka Kijerak bigarren aroa. Orain, urte hasieran gorriz markatutako helburua hurbil dutelarik, ahalik eta lasterren matematikoki 1. Federazio mailan jokatzeko plaza lortu dutela ospatu nahi du. Zentzudun ospatuko du, zentzuduna baita bera. Nahiz eta “talde guztiaren lana” dela esan, aurtengo denboraldian Real Unionen defentsari zentzua ere ezarri dio. Bihotza eta sena duen jokalaria da Gorka Kijera.Real Unionek oso eskura du denboraldi hasieran ezarri zuen helburua betetzea. Puntu bat lortuta, nahikoa du taldeak datorren urtean 1.Federazio mailan jokatzeko:Bigarren fasea ondo hasi dugu eta erreskan lortu ditugun hiru garaipenek abantaila garrantzitsua eman digute. Hasiera batean jarri genuen helburua oso gertu daukagu, puntu batetara zehazki. Puntu hori geroz eta lehenago erdietsi askoz hobe izango da. Igande eguerdian plaza lortu dugula ospatu badezakegu, primerakoa izango litzateke.Denboraldi hasieran inork gutxik aurreikus zezakeen helburua lortuko zenutela. Ibilbidea luzea izan da eta oztopo guztiak gainditu dituzue: Esan dezakegu lana egina dagoela, baina azken urratsa ematea geratzen zaigu oraindik. Jokalari berri ugari ginen, entrenatzailearen lan egiteko modua ere eta ados nago denboraldiaren hasieran pixkat kosta egin zitzaigula taldea engranatzea. Jardunaldiak aurrera joan ahala, aste barruan eginiko lanak partiduetan emaitzak izan ditu. Taldea geroz eta sendoago jokatu du, ideiak oso argiak dituen taldea ikusi ahal izan da eta hori, azkenean, astean zehar eta urtean zehar eginiko lanaren emaitza da. Talde honek ikaragarri eboluzionatu du, ikaragarri lan egin duelako. Horretan guztian, Aitor Zulaikak erru handia du. Bere dedikazioak eta egunez egun taldekide bakoitzari exijitu diguna erabakiorrak izan dira. Kluba eta zalegoa pozik egoteko denboraldia egiten ari garela uste dut. Defentsa ere pozik egoteko arrazoiak ditu, Bigarren fasean ez baitu golik jaso. Horretan, errua, zati batean, zuk duzu:Pozik egoteko datua da, baina meritu guztia ezin zaio defentsari eman. Defentsako lana zein erasoko lana taldekide guztion erantzukizuna da. Aurrelari batek aurrean ondo presionatzen badu, zama handia kentzen digu eta alderantziz gertatzen da erasoan. Ni defentsa naiz, baina beste 10 taldekideen laguntzarik gabe ez nuke ezer egiterik. Alde horretatik, golak ez jasotzearen arrazoia eta erantzukizuna 11 jokalariena eta ondoren aulkitik irteten direnena da. Lan kolektiboa da baloratu beharrekoa.Golik ez jasotzeak, neurketak dezente errazten ditu… Porteria hutsean bukatzea beti da pozgarria. Neurketa hasieratan beti da helburuetako bat. Neurketako nondik norakoak asko errazten ditu, futbolean gola baita lan gehien ematen duen faktorea.Oztopoak gainditu dituzuela aipatu dugu. Azpiegituren arazoa ere bai:Azpiegituren aldetik zaila izan dugu talde-dinamika normaltasunean jardutea, baina klubatik beti saiatu dira guri erraztasunak ematen. Ugalde-Ventaseko zelaian lesioak areagotu zirela eta berdegunea bera gogorregia zela aipatu genienean, azkar soluzioa bilatu eta Orion hasi ginen entrenatzen. Egia da orekarik ez dugula izan, baina hor ere demostratzen da taldeak duen gogoa eta ilusioa. Zailtasunen aurrean ez dugu burua jeitsi, entrenamendu bakoitzera beti ilusio berarekin joan gara eta nik uste oso garrantzitsua izan dela talde bezala hobetzeko. Taldearen pertsonalitatea, alor horretan, goraipatzekoa izan da.Zein da Real Unionen bertute nagusia? Uff (hasperena). Egunerokotasunean lan egiten jakitea esango nuke. Berez, ez da bertute bat, baina eguneroko lanak egin du gaur garena izatea. Taldeak izan duen jarraitasuna azpimarratzeakoa izan da, egunero ahal genuen onena ematen saiatu baikara. Batzuetan hobe entrenatatu dugu, bestetan okerrago, baina nik uste Aitor Zulaikak eskatu zigun konstantzia mailari erantzun ona eman diogula.Denboraldia amaitzear da eta datorren urteari begira, atzo Mikel Aizkoitu eta zu Madrilen izan zineten Federazioarekin bilduta. Nola ikusten duzu datorren urteko lehiaketa? Oraindik oso berde ikusten dut. Niri jokalari bezala, ez zait normala iruditzen hurrengo denboraldia hasi eta lau hilabetetara dena airean izatea. Federazioa jokalariekin bildu zen atzo, baina ezer gutxi azaldu ziguten. Guk, jokalariok, pentsatzen genuena helarazi genien, baina bilera ez zen oso emankorra izan. Datorren urteko denboraldia nola ikusten dudan galdetzen badidazu, oso berde dagoela da nire erantzuna.Bukatzeko, igandeko neurketari begira, zer egin behar du Real Unionek behar duen puntua lortu eta matematikoki 1. Federazioko mailako plaza eskuratzeko?Lehen itzulian ikusi genuen Tarazona nolako taldea den. Nik uste garrantzi handia izango duela Tarazonari baloiaren jabetza kentzea. Behin baloia gurea delarik, badakigu nola jokatu eta gure sistemak aurrera eraman. Tarazonak erakutsi zigun futbolera jokatzen bazekiela, trebeak direla baloia bereganatzen dutenean eta ezin diegu utzi neurketaren jabetza beraiek izatea. Hori ekiditen badugu, hiru puntuak edota behar dugun puntua lortzeko aukerak handituko zaizkigulakoan nago. Entzun osteguneko Kiroletik saioan eginiko elkarrizketa.