Tabirakori aurre egin dio Erroibidek
ERROIBIDE-IRUN: Izaro Alza (16), Cristina Gonzalez (13), Leticia Martinez (7), Maialen Ramirez (1), Oihane Borreguero (6), Saioa Altzaga, Leire Oregi (9), Saray Arozena (3) eta Nerea Saenz (4).
Sailkapeneko hirugarrena hartu zuen Erroibidek igandean Artalekun. Gogor egin zion aurre, eta eskura izan zuen garaipena. Baina azken minutuetan alde egin zion. Talde indartsua da Durangokoa, eta hasieratik erakutsi zuen Irungo kiroldegian. Erritmo biziarekin, markagailuan abantaila hartzen hasi zen bizkor. Bigarren laurdenean aurrera pausoa eman zuen Erroibidek, pazientziarekin eta baloia ondo mugituta. Markagailuan aurretik jartzea lortu zuen atsedenaldirako (27-25).
Azken bi laurdenetan taldeen arteko oreka izan zen nagusi. Aldea handitu ezinik, 52-51ko markagailu estuarekin sartu ziren azken hiru minutuetan. Hurrengo erasoetan eraginkor aritu ziren bizkaitarrak hiruko marratik, garaipena eskuratzeko. Apirilaren 11n nola edo hala irabazi beharreko partida izango du Ganix Mironen taldeak. Getxon jokatuko du, Emakumeen Lehen Mailako azken sailkatuaren etxean. Garaipena behar du Erroibidek permanentzia bermatzeko.