Sufrituta bildu du puntua Real Unionek Sestaon
SESTAO RIVER: Raul, Resines, Jaio, Artabe, Rodríguez, Medina, Rubio (Dani Guerrero, 84'), Khous, Ricky, Lafuente (Rahmani, 46'), Jito.
REAL UNION: Tena, Azkoiti, Esnaola, Aimar, Morcillo (Ibarbia, 68'), Urkizu, Rodellar, Galán (Saizar, 80'), Juan Domínguez, Silas, Goikoetxea (Iriondo, 69').
GOLAK: 0-1: Azkoiti (21'). 0-2: Silas (23'). 1-2: Ricky (63'). 2-2: Jito (65').
EPAILEA: Uson Rosell. Txartel horiak: Resines, Rodríguez, Rubio, Dani Guerrero (Sestao); Azkoiti, Jon Tena, Silas (Real Union). Txartel gorria: Azkoiti (Real Union).
Hogeita hamaseigarren puntua eskuratu du Real Unionek Sestaoko Las Llanasen. Beste bi ere hurbil izan ditu, lehen zatian 0-2 aurreratu ondoren. Bigarrenean, berriz, jokalari bat gutxiagorekin aritu da hogeita hamabost minutuz. Ondorioz, estu eta larri ibili da berdinketari eusteko. Helburua beteta, play-off postuetan jarraitzen du Unionek. Real Madrid Bk aurrea hartu dio, baina puntu bat gehiago besterik ez daukate filialak eta Huescak.
Min hartutako jokalari asko izanagatik ere, hamaikako lehiakorra zelairatzeko moldatu da Aitor Zulaika. Galanek eman du lehen abisua 18.minutuan. Raul atezainak gelditu ikusgarria egin behar izan du gola ekiditeko. Hurrengo bi erasoetan neurketaren norabidea aldatu dute txuribeltzek. Juan Domínguezek ateratako falta errematatu du Azkoitik buruz, irundarrak markagailuan aurretik jartzeko. Segidan, Silasek aldea handitu du, Urkizuren pasea balituta.
Atsedenaldira bitarte irundarrak eroso aritu dira. Baina bigarren zatiko 10.minutuan, Azkoitiri bigarren txartel horia erakutsi eta berdegunea uztera behartu du epaileak. Hamar minutu behar izan ditu talde bizkaitarrak norgehiagoka berdintzeko. Rickyk egin du lehen gola, eta Jitok bigarrena. Hortik aurrera, emaitzari eusteko sufritu behar izan du Real Unionek. Puntu bateko sariarekin hartu du azkenean etxerako bidea.