Stadium Galen huts egin du Real Unionek
REAL UNION: Tena, Azkoiti, Aimar, Esnaola, Urkizu, Rodellar (Romo, 58'), Mikel Alonso (Morcillo, 65)', Mujika (Goikoetxea, 73'), Juan, Seguín, Galán.
LAS PALMAS ATLéTICO: Alejandro Martín, Nili, Alvaro Arencibia, Oscar Pérez, Jesús Alvaro, Matías, Pepe, Germán, José Artiles (Ale Rivero, 79'), Néstor Gordillo (Borja Herrera, 62'), Adrián Hernández (Manu Dimas, 71').
GOLAK: 1-0: Galán (36'). 1-1: Artiles (51'). 1-2: Germán (92').
EPAILEA: César Domínguez Zapatero Gaztela-Leon). Txartel horiak: Esnaola, Morcillo (Real Unión); Oscar, Jesús (Las Palmas Atlético).
Lanean jarraitu beharko du Real Unionek igoera faserako txartela lortzeko. Bigarren partida galdu du segidan, oraingoan Stadium Galen. Las Palmas Atlético baino gehiago izan da lehen zatian. Baina ez du neurketa apurtu, eta bigarren erdian, kanpokoen mende aritu da Union. Berdinketa ontzat ematen bazuten ere, luzapenean bigarren gola jaso eta erabat burumakur utzi dute berdegunea jokalari txuribeltzek.
Las Palmasek hasieratik erakutsi du asmoa. Lerroak elkartu eta defentsan estutu dute. Real Unionek eskuratu du baloia, eta laster hasi da gol aukerak sortzen. Aimar Sagastibeltzaren burukada gutxigatik joan da kanpora, eta Galanek bi abagune argi izan ditu. Lehenengoan buruz gora bidali du baloia. Bigarrenean atezainaren aurkako buruz-burukoan huts egin du, iskin egiten saiatzeagatik. Hirugarrenean, aldiz, sarean bukatu du baloiak. Seguinen erdiratzeari burukada ederrarekin erantzun dio Galanek, Real Union markagailuan aurretik jartzeko.
Atsedenaldiaren ondoren, zeharo aldatu da partida. Las Palmas indartsu sartu da zelaira, eta sei minutu behar izan ditu berdintzeko. Artilesek sartu du gola, zenbait taldekide erdiratzea errematatzen saiatu ondoren. Banakoak mesede egin dio talde kanariarrari, gora egin baitu hurrengo minutuetan. Adrianek eta Oscarrek bigarren gola sartzeko aukera izan dute 60.minutua bete baino lehen. Las Palmas nagusi zela ikusita, zelai erdia indartzen saiatu da Aitor Zulaika. Aldeketek, baina, ez dute arazoa konpondu.
Gol aukerak sortu dituen arren, puntuarekin konformatzen hasi da Real Union. Baina 92.minutuan, espero ez zuen kolpea jaso du. Germanek 1-2koa egin du, Niliren jokaldia borobilduta. Segidan erantzuna emateko abagunea izan du Galanek, baina atearen aurrean huts egin du. Porrotak min egin du Stadium Galen. Hala ere, aurkarien emaitzek mesede egin diote Unioni, eta igoera faserako sailkatzea eskura dauka oraindik. Hiru puntuko aldea du bosgarren den Toledorekiko, bi jardunaldi falta direnean.