Sendo aritu dira Leka Eneako taldeak etxean

2015/12/02
Sendo aritu dira Leka Eneako taldeak etxean

Zazpigarren jardunaldiko norgehiagokak irabazi dituzte Leka Enea mahai tenis elkarteko talde nagusiek. Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan aritu dira biak, eta azken sailkatuak hartu dituzte. Emakumeen Superdibisioko taldeak Sabadell mendean hartu du, 4-1eko emaitzarekin. Europako postuei eutsi diete neskek garaipenari esker, seigarren tokian baitaude. Larunbatean Galizian ariko dira, Orballo liderraren pistan.

Gizonen Superdibisioko taldeak El Alamo hartu du. Madrilgo taldea azkena da sailkapenean, eta agerian gelditu da taldeen arteko aldea. 4-0 irabazi dute irundarrek. Leka Enea laugarren postuan dago orain. DKV Borges bigarren sailkatuari egingo dio bisita ostiralean.