Sellan presente egon da Irun
Podiumera igo dira Olatz Zabala eta Borja Estomba
Santiagotarrak K.E.rekin senidetu da Asturiasko proba prestigiotsua
Piraguismoari estu lotutako ibaia da Sella asturiarra. Ehunka palista biltzen ditu urtero, abuztuaren hasieran, Arriondas eta Ribadesella herrien artean jokatzen den nazioarteko jaitsieran. Sona handia du estatuan, eta Interes Turistikoko Nazioarteko Festa izendapena dauka. Kirol arloan ere, prestigio ikaragarria du piraguistentzat. Irun hiriak tradizio handia du piraguismoan, eta askotan izan dira herritarrak Sellako podiumean. Baina aurten, inoiz baino oihartzun handiagoa izan du Irunek Sellan. Alde batetik, Sellako Nazioarteko Jaitsieraren eta Santiagotarrak Kirol Elkartearen arteko senidetzea dela eta. Bestetik, bi irundar izan direlako proba nagusietako podiumetan: Olatz Zabalak K2ko proba irabazi du, eta Borja Estomba bigarren izan da K1ean.
Sellako Nazioarteko Jaitsierak 80.edizioa bete du aurten. Proba antolatzen duen batzordeak Santiagotarrak Kirol Elkartearekin senidetzea erabaki du, Irungo klubak mende erdia bete duen urtean. Abuztuaren 5ean, Sellako hitzordu nagusiaren bezperan, Olatz Zabala Santiagotarrak K.E.ko presidenteak Bidasoa ibaiko ura isuri zuen Asturiasko ibaian. Kontrakoa egin zuten Sellako probaren arduradunek, uztailaren 23an, Bidasoako Nazioarteko Jaitsieraren 50.edizioaren aurreko egunean. “Sentimendu aldetik oso polita izan da”, onartu du Olatz Zabalak. Senidetze ekimen horrek, jada, berezi egin zuen Sellako 2016ko edizioa Zabalarentzat. Hurrengo egunean, ordea, erabat borobildu zuen, kirol arloan lortutako arrakastari esker.
“Garaipenik handiena da Sellan irabaztea”
Olatz Zabala, Santiagotarrak K.E.ko presidentea eta piraguista
Aurreko urteetan bigarren eta hirugarren izan ondoren, K2ko proba irabaztea lortu zuen Zabalak, Aurora Figueras kataluniarrarekin batera. Selekzioko taldekideak dira, eta iaz elkartu ziren, lehen aldiz, Sella lehiatzeko. Proba konplikatua izan zuten aurten, arazoak izan baitzituzten lasterketako lehen txanpan. Piraguatik atera behar izan zuten behin baino gehiagotan. Atzetik aurrera egin zuten gero lasterketa, eta bost kilometro falta zirela lortu zuten lehenengo postuan kokatzea. “Orain edo inoiz ez” pentsatu zuela azaldu du Zabalak. 1:25.22ko denbora behar izan zuten 20 kilometroko ibilbidea osatzeko. Txikitako ametsa bete zuela aitortu du Santiagotarrak K.E.ko presidenteak: “Sekulako ilusioa sentitu nuen iristerakoan, negar batean egon nintzen. Guretzat, garaipenik handiena da Sellan irabaztea”.
Gizonezkoen K1eko proban, beste irundar bat igo zen podiumera. Oviedo Kayak taldean aritzen den Borja Estomba bigarren izan zen, bigarren aldiz jarraian. Hamabost segundoko tartea atera zion aurten Kiko Vega asturiarrak. “Haize handia zebilen, eta oso lasterketa gogorra izan zen, hasieratik bukaerara”, adierazi du Borja Estombak. Eskarmentua du jada, irundarrak, piraguismoan. 2009an Europako txapeldun izan zen 23 urtez azpiko mailan. Estatu mailako urrezko dominak ere baditu etxean. Momentu jakin batetik aurrera, ordea, entrenamenduen kopurua eta exijentzia maila murriztea erabaki zuen. “Konturatu nintzen piraguismotik bizitzea ezinezkoa izango zela, eta beste ogibide bat bilatu nuen”.
Irakaslea da gaur egun, eta piraguan ibiltzen jarraitzen badu ere, bestelako helburuak jartzen ditu orain. Sellako jaitsiera da horietako bat. Udaran jokatzen denez, ondo entrenatzeko eta sasoian iristeko aukera izaten du. Bereziki Sella prestatzeko erabaki zuen Borja Estombak Oviedoko taldera joatea. “Noizean behin bertan entrenatzeko aukera eta diru-laguntza eskaini zizkidaten”. Askotan jaitsi du Sella ibaia, ondo ezagutzen du, eta nabari da bere emaitzetan. Koska bakarra falta zaio jada, podiumeko lehen tokira igotzeko.
Proba berdingabea
Proba berezia da Sellako Nazioarteko Jaitsiera Estombarentzat eta Zabalarentzat. Lasterketaren inguruan bizitzen den giroa azpimarratu dute biek. Eguerdiko hamabietan ematen dute irteera, pregoiaren ondoren. Dionisio de la Huerta probaren sortzaileak idatzitako bertso batzuk irakurtzen dituzte, eta ikusleek Asturiasko ereserkia abesten dute ondoren. Piraguistak lehorrean egoten dira, zutik, eta palak lotuta izaten dituzte. “Oso urduri egoten gara normalean. Jendea oihuka entzuten dugu, abesten, eta oso une hunkigarria izaten da”.
“Jendeak egiten du proba berezi”
Borja Estomba, Oviedo Kayak taldeko piraguista
Semaforoak kolore berdea hartzen duenean askatzen dizkiete palak, eta korrika irteten dira, piragua hartu eta uretan sartzeko. Hortik aurrera, Ribadesellara arte, milaka zaleren babesa jasotzen dute. “Jendeak egiten du proba berezi. Ibilbide osoan zehar animatzen eta bultzatzen zaituzte”, baieztatu du Estombak. Maila handiko senidea du, beraz, Santiagotarrak Kirol Elkarteak. 50.urteurrenari distira eman dion osagaietako bat izan da Sellarekin harremana estutzea. Baina gehiago ere izan dira, Bidasoako Nazioarteko Jaitsieraren urrezko ezteiak, adibidez. Probaren antolaketari lotuta jaio zen Santiagotarrak, eta aurtengo edizio berezian, Borja Estomba eta Olatz Zabala irabazle izan dira K1eko proba nagusietan. “Oroitzapen ederra izango da, betirako gordeko dudana”, aipatu du Zabalak. 2016ko udara, orokorrean, nekez ahaztuko du.