SARAKO IZARRAK GARAIPENA LORTU ZUEN PLAIAUNDIN
Zaisa Txingudi gogor saiatu zen iparraldekoak menderatzen, baina 8-22ko markagailuarekin galdu zuten
Pasa den larunbatean, Zaisa Txingudik Plaiaundin jaso zuen Sarako Izarra taldea. Denboraldiko lehendabiziko finala zen hau bidasotarrentzat eta gogor aritu ziren iparraldekoak menderatu nahiean. Hala ere, Sarako mutilek aukera gehiago errematatu zituzten eta azkenean, 8-22ko markagailuarekin irabazi zuten jardunaldia.
Xabi Sanchez jokalariak aipatu zuen moduan, Sarako Izarra “aurkari berezia da”, izan ere, “Euskal Ligan jokatzen duen Ipar Euskal Herriko talde bakarra da, eta mugaz bestalde errugbiaren jokoa eta inguratzen duena nola ulertzen duten zeharo ezberdina da gurearekin alderatuta. Partiduak oso lehiatuak izaten dira, oso gogorrak eta oso biziak”. Asteburukoa horrela izan zela ere gaineratu zuen. Lehen zatitik iparraldekoak “eskurako joko azkarra baliatzen” hasi ziren Sanchezek kontatu zuenez. Hala ere, bidasotarrek hau guztia aldez aurretik jakinda, “defentsa lan berezia” egin zuten eta “erasotzen genuen bakoitzean, ahalik eta antolatuen egiten saiatzen ginen modu erangikorrena baitzen beraien defentsa lerroa hausteko”, esan zuen jokalariak.
Norgehiagokaren 11. minutuan iritsi zen etxekoen lehendabiziko aukera zigor kolpe baten bidez, Ugo Poncinik zutoinen artean pasa zuena. Honen ondoren, Sarak izan zituen beste bi aukera, bi meleren irteeran baliatu zituztenak eta entseguak lortu zituzten horietan, 3-12koa beraien alde jarriz. Horrela, markagailu horrekin iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, Zaisa Txingudik ahaleginak egin zituen lehenengo zatiko maila onari eusteko. Xabi Sanchezek onartu zuenez, “bigarren zatiaren hasieran izaten dugun intentsitate galera puntua sahiestea zen gure helburua nagusia, partiduan jarraitu ahal izateko, eta lortu genuen”. Akats hauek gaindituta, dinamika berean jarraitu zuen etxeko taldeak, aurkarien defentsa hautsiz. Hala ere, ezin izan zituzten puntuak lortu. Aldiz, Sarako Izarrak 50. minutuan egin zuen hirugarren entsegua eta aldea irekitzen hasi zen markagailuan. Bidasotarrek, amore eman gabe, 14 minutu beranduago aprobetxatu zuten beraien abagunea, 8-17koa ezarriz. Etxekoek orduan, hurbil ikusi zuten mailari eusteko behar zituzten puntuak eta, nahiz eta joko bera egiten jarraitu zuten, ezin izan zuten iparraldekoen azken entsegua ekidin. Horrela, 8-22ko markagailuarekin amaitu zen neurketa aurkarien alde.
(Argazkia: Beñat Herrero)