SARA VILLASANTEK ETA PIERRE URRUTYK IRABAZI ZUTEN GABONETAKO KROSA

2022/12/21
SARA VILLASANTEK ETA PIERRE URRUTYK IRABAZI ZUTEN GABONETAKO KROSA

Garaipena eskuratzeaz gain, probaren errekorra ere egin zuten bi lasterkariek

500 izen emate baino gehiagorekin ospatu du aurten Gabonetako Krosa Bidasoa Atletiko Taldeak. Inoiz izan duten parte hartze handienarekin, giro ezinhobean joan zen aurten lasterketa eta lasterkariek ere probaren markak haustea lortu zuten. Hain zuzen ere, Sara Villasantek eta Pierre Urrutyk irabazi zuten lasterketa eta biak ere probaren errekorra lortu zuten.

Nesken artean, Sara Villasaten izan zen helmuga gurutzatzen lehendabizikoa. 17:04ko denborarekin, probaren errekorra egin zuen lasterkariak, Betty Urrutyren (17:35) eta Ane Zabalaren (17:53) aitzinetik. Gizonen kategorian, Pierre Urruty izan zen garailea eta honek ere probaren errekorra hautsi zuen, lasterketa 14:47 minutuetan egin ondotik. Unai Arroyo izan zen bigarren, denbora berarekin, eta Aitor Etxeberria hirugarren (14:58).

Taldeka ere parte hartze handia izan zen, batez ere kategoria mistoan. Hauen artean Los Angeles de Sara taldeak irabazi zuen (Sergio Roman, Gwendal Larque, Ion Garraus eta Sara Villasante). Neskek osatutako taldeetan berriz, Iruning taldea izan zen garaile (Carol Donoso, Oihana Elortegi, Yolanda Fernandez eta Cristina Martin), eta azkenik, gizonen taldeetan RJ Team-ek lortu zuen garaipena (Aitor Etxeberria, Asier Fernandez, Alberto Arberak eta Joritz Etxeberria).

Azkenik, haurrek ere Gabonetako Krosaz gozatzeko aukera eduki zuten. Hemen ere parte hartzea inoiz izan den handiena izan zen. 600 dortsal banatu ziren guztira eta jende andana bildu zen hauen lasterketa ikustera. BATek, gainera, ekitaldi solidarioa egin zuen larunbatean ere eta “Diabetes Cero” elkarteari 720 euro banatu zizkion.