SANTIAGOTARRAK ETA HONDARRIBIAK BIDASOAKO HIRUGARREN JAITSIERAN PARTE HARTU ZUTEN

2022/02/01
SANTIAGOTARRAK ETA HONDARRIBIAK BIDASOAKO HIRUGARREN JAITSIERAN PARTE HARTU ZUTEN

Santiagotarrak hamabost domina eskuratu zituen osotara eta Hondarribia Arraun Elkarteak hamalau

Aurreko larunbatean, urtarrilak 29, Bidasoan Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Distantzia Luzeko Txapelketaren hirugarren eta azken jaitsiera ospatu zen. Zazpi elkartek hartu zuten parte lehiaketan, tartean eskualdeko bik, Santiagotarrak eta Hondarribia Arraun Elkarteak.

Lasterketaren irteera Behobiako zubitik izan zen infantil eta kadeteentzat eta Puntxasetik, jubenil eta seniorrentzat. Helmuga berriz, denontzat leku berean zegoen, Aireportu bukaeran. Guztira 107 ontzi ibili ziren Bidasoan lehian. Santiagotarrak BM taldetik 43 kirolarik hartu zuten parte, 23 ontzitan banaturik. Horietatik Beñat Fernandez eta Bittor Lekuonak, scull bikoitzean gizonezko kadetetan, eta Oier Zazpe eta Asier Regueirok, scull bikoitzean gizonezko absolutuan, eskuratu zituzten urrezko dominak. Gainera, brontzezko beste sei dominez gain, zazpi zilarrezko ere irabazi zituzten:

- Pablo Martinez Lacar, skiff-ean gizonezko jubeniletan

- Elaia Saenz, skiff emakumezko kadetetan

- Bittor Basterra, skiff gizonezko kadetetan

- Beñat Jimenez eta Asier Regueiro, scull bikoitzean gizonezko absolutuan

- Leire Navaridas, Maria Martinez Lacar, Mikaela Rekalde eta Maialen Bengoetxea, lauko scull emakumezko kadetetan

- Mikel Laguardia, Adour Illarramendi, Markel Irigoyen eta Inhar Romano, lauko scull gizonezko infantiletan.

- Luken Solozabal, Jokin Antunez, Xabier Payo eta Oier Emazabal, lauko scull gizonezko kadetetan

Hondarribiak ere hamalau domin eskuratu zituen guztira larunbateko jaitsieran. Horietako zazpi urrezkoak izan ziren, bost zilarrezkoak eta beste bi brontzezkoak. Zortziko senior gizonetan berriz, Orio izan zen garaile eta Hondarribiak bigarren postua lortu zuten, Donostia AL elkartearen aurretik.