SANTIAGOTARRAK-EK HAMABORTZ DOMINA ESKURATU DITU EUSKADIKO TXAPELKETAN
Irungo 29 palista joan ziren Pauera Euskadiko Txapelketa lehiatzera eta emaitza onekin bueltatu ziren etxera
2023ko Euskadiko Txapelketa ospatu zen pasa den asteburuan Pauen. Santiagotarrak klubeko 29 palistek hartu zuten parte bertan eta guztira, hamabortz domina eskuratu zituzten: urrezko sei, zilarrezko lau eta brontzezko bortz.
Banakako slalomean, K1ean, Oier Diaz nagusitu zen kadete mailan eta Oier Olaso ere hirugarren koskara igan zen. K1eko junior mailan berriz, hiru mailak Santiagotarrak-eko palistentzat izan ziren. Aitor Iriondo izan baitzen garaile, Javier Arruabarrena bigarren eta Unai Santacruz hirugarren. K1eko seniorretan, Haritz Azanza sailkatu zen bigarren postuan eta hirugarrenean berriz, Hasier Rodriguez. K1eko emakume juniorretan, azkenik, Ainara Azanzarentzat izan zen bigarren postua eta hirugarrena, Izar Garciarentzat.
C1 kategorian, emakume juniorretan, Izar Garcia nagusitu zen eta hirugarren postuan ere, Ainara Azanza sailkatu zen. C1eko seniorretan aldiz, Maialen Olasok lortu zuen bigarren postua. Azkenik, C1eko gizonezko kadete mailan, Oier Diazek irabazi zuen.
Slalom patruiletan ere bi garaipen lortu zituzten Irungo klubeko palistek. Alde batetik, K1eko gizonezko seniorren patruilak irabazi zuen, hain zuzen ere, Hasier Rodriguezek, Haritz Azanzak eta Aitor Iriondok osatutakoak. Bertzalde, C1 emakume seniorrek ere garaipena eskuratu zuten, Ainara Azanzak, Izar Garciak eta Maialen Olasok zehazki.
Taldeka ere lehen postuan bukatu zuen Santiagotarrak-ek, 437 puntu batuta guztira.