Santanaren kargugabetzea bizkortu du Gernikako porrotak

2017/11/27
Santanaren kargugabetzea bizkortu du Gernikako porrotak

Asier Santana entrenatzailea kargutik kendu du Real Unionek, azken emaitzek eta taldearen norabideak eraginda. 2016-2017 denboraldiaren hasieran iritsi zen Santana, Realaren eskutik. Ondo ekin zion Unionek sasoiari, eta abendutik aurrera hasi zen beheraldia. Aurten, ordea, askoz lehenago nahastu da denboraldia. Izan ere, azken zortzi jardunaldietan, partida bakarra irabazi dute txuribeltzek. Momentu honetan, sei puntu gutxiago ditu jaitsiera postuetan dagoen Osasuna Bk.

Joan den astean luzapenean jaso zuen Real Unionek binakoa, Arenasen aurkakoan. Igande honetan, 90.ean sartu zion Gernikak 1-0ekoa. Ordura arte partida txukuna egin zuen Irungo taldeak, bigarren zatian, batez ere. Baina bukaeran, nekeak eta arnas faltak eraginda, Gernikak garaipenerako bidea topatu zuen. Ikusgai dago orain, entrenatzaile aldaketak konponbidea ekarriko duen. Momentuz, klubak ez du Santanaren ordezkoaren berri eman, baina haren bila ari da. Litekeena da, era berean, neguko merkatuan, taldea indartzeko jokalariren bat ere fitxatzea.