SANSEK ESKURATU ZITUEN DERBIKO HIRU PUNTUAK

2023/02/13
SANSEK ESKURATU ZITUEN DERBIKO HIRU PUNTUAK
Real Sociedad B 2
0 Real Union Club de Irun SAD

Martonek eta Azkunek sartu zituzten golak eta Real Unioni aukerarik gabe utzi zioten

Sanse eta Real Unionen arteko derbia donostiarren alde ebatzi zen pasa den larunbatean. Reale Arena izan zuten agertokia bi talde hauek eta etxeko zelaian nagusi izan zen Sergio Franciscoren taldea. Martonek eta Azkunek sartutako bi golei esker, jardunaldiko hiru puntuak Donostian gelditu ziren.

Lehen zatian aukera gutxi izan zituen Real Unionek markagailuan aurreratzeko. Abagunerik garbiena Montorok izan zuen hamargarren minutuan, buruz egindako jaurtiketa batekin, baina ezin izan zuen sare barrura bidali. Minutu bat beranduago, Irazustak ekidin zuen aurkariak gola sartzea. Sanse izan zen gehiago, baina txuribeltzek ongi erantzun zieten hauen erasoei. Hala ere, atsedenaldira iristeko minutu bakarra gelditzen zenean, Riverok penaltia egin eta Martonek markagailuan aitzindu zuen taldea.

Kolpe latz honen ondotik, Real Union indarrez atera zen zelaira bigarren zatian. Aukera gehiago sortu zituen, baina ezin izan zituzten hauek errematatu. 55. minutuan Bravok izan zuen gola sartzeko abagunea eta 58. minutuan berriz, Perezek. Bi jaurtiketa hauek, hala ere, zutoinean jo zuten. Neurketaren 91. minutuan azkenik, etxeko taldeak erabakita utzi zuen jardunaldia. Azkunek gola sartu eta 2-0eko emaitza jarri zuen markagailuan behin-betiko.

Partiduak, bertzalde, azpimarratzeko puntu bat utzi zuen. Izan ere, Shinichi Chanek debuta egin zuten talde irundarrarekin larunbatean. Azken 10 minutuetan aritu zen jokalaria, Seguin ordezkatuz.

(Argazkia: Aimar Lasa)