SANDRA RAMAJOK FUTBOL BOTAK ESKEGI DITU
Jokalari gisa 360 neurketa jokatuta agur esan dio futbolari Sandra Ramajo irundarrak. Azken denboraldia Fundación Albaceten jokatu duen arren, Errealean pasa ditu bere garai oparoenak.
Argazki gogoangarria du Sandra Ramajok bere futbol ibilbideaz gogoratzeko. Granadan Errealarekin Erreginaren Kopa irabaztea izugarrizko balentria izan zen. Urtebete geroago, Fundación Albaceten jokatzen ari zela, Covid 19 gaitzak liga gelditzera behartu ditu taldeak. Une horretan, asteazkenean, sare sozialen bidez jakin genuen Ramajok futbola uzteko erabakia hartu zuela. Bere instagrameko kontutik mezu hau helarazi zuen: «Ez da erraza agur esatea. Une ahaztezinak bizitzeko aukera izan dut, bidean aurkitu ditudan pertsonak bezain bereziak».
Errealean hamaika denboraldi jokatu ditu Ramajok, guztira 286 neurketa jokatu ditu kamiseta txuri-urdina defendatzen. Jokalari profesional bezala, ordea, 360 neurketa jokatu ditu, eta bere azken taldea Fundación Albacete izan da. Horrela esan zion agur bere bi talde kuttunei: «Garrantzitsuena ez da irabazi edo galtzea, gozatzea baizik».