SANDRA MARTINEZEK ETA UNAI ARROYOK IRABAZI ZUTEN IRUNGO MARATOI ERDIA
10K lasterketan berriz, Ane Taibo eta Ion Garraus izan ziren lehenbiziko postuan helmugaratu zirenak
Irungo Maratoi Erdiaren bostgarren edizioa ospatu zen pasa den igande goizean Irungo erdigunean. 800 korrikalarik hartu zuten parte bertan, aitzineko urteetan baino lasterkari gehiagok. Maratoi Erdiko irabazleak Sandra Martinez eta Unai Arroyo izan ziren, eta 10 kilometroko lasterketakoak berriz, Ane Taibo eta Ion Garraus.
Giro hotzarekin baino euririk gabe ospatu zen 2023ko Irungo Maratoi Erdia. 800 izen-emate izan ziren lasterketan eta horietatik 320 lasterkarik bukatu zuten Maratoi Erdia eta 340 korrikalarik 10K-koa. Kirolariez gain, ikusle aunitz bildu zen errepide bazterretan partehartzaileak animatzeko helburuarekin.
Maratoi Erdiko aurtengo irabazleak Sandra Martinez eta Unai Arroyo izan ziren. Lehendabizikoak, triatloietan espezializatua, 1:27,13ko denboran gurutzatu zuen helmuga eta beraz, emakumeetan irabazlea izan zen, Maria Sanroman (1:30,13) eta Monica Tellechearen (1:35,23) aitzinetik. Gizonezkoetan berriz, nagusitasunarekin eskuratu zuen garaipena Unai Arroyok, probaren errekor berria eginez ere (1:07,59). Bigarren Jose Gomez de Arriba (1:10,38) helmugaratu zen eta hirugarren, Jokin Muñoz (1:12,31).
10 kilometroko lasterketa ere ospatu zen igande goizean eta hemengo irabazleak Ane Taibo eta Ion Garraus izan ziren. Taibok 39:20 minutu behar izan zituen lasterketa osatzeko eta podiumeko lehenengo koskara igan zen, Amagoia Iribar (41:02) eta Lide Azkuerekin (41:30) batera. Gizonezkoetan berriz, Ion Garraus izan zen irabazlea, hamabi urteren ondotik lehiaketara bueltatu zen korrikalaria. 33:05ko denbora egin zuen Garrausek, Asier Landarten (33:16) eta Jon Lorenzoren (33:33) aitzinetik.